Zazpi filmek osatuko dute zazpigarren Culinary Zinema saila

Asiako eta Europako gastronomiei buruzko zazpi lan aurkeztuko dituzte aurten 65. Donostia Zinemaldiko Culinary Zinema sailean. Michelin gidaren inguruko Michelin Stars – Tales from the Kitchen (Rasmus Dinesen) filmak zabalduko du saila hilaren 23an, eta Enrique Fleishmann eta Jorge Maestroren The Trip to Spain filmak, aldiz, itxiko du, jaialdiko azken ostiralean.

Culinary-Zinema-Zinea

Gastronomiak euskal nortasunean duen pisua aitzakiatzat hartuta, orain zazpi urte Culinary Zinema izeneko saila estreinatu zuen Donostia Zinemaldiak. Eta filmak eskaintzeaz gain, ikusitako lanarekin lotura duten otorduak ere prestatzen dizkiete ikus-entzuleei, gehienak, Basque Culinary Centerren. Izan ere, Berlinalerekin eta Euskal Herriko sukaldaritza-eskola garrantzitsuenarekin elkarlanean osatutako saila da honakoa.

Aurtengoan zazpi film eskainiko dituzte, ondorengoak:

  • Michelin Stars- Tales from the Kitchen (Rasmus Dinesen, Danimarka). Elikadurarekin obsesionatuta bizi garen garaian, Dinesenen lanak Michelin izarrak dituzten sukaldari eta jatetxeen munduaren errealitatea erakutsiko du, gidaliburuaren handitasunak eta miseriak bistaratuz. Aurretik gastronomiari buruzko film luze bat eta telesail dokumental bat ere zuzendu ditu. Afaria: Elena Arzak (Arzak), Kamilla Seidler (La Pazeko Gustu) eta Alain Weissgerber (Schützen am Gebirgeko Taubenkobel).
  • The Cakemaker (Ofir Raul Graizer, Alemania eta Israel). Thomas gazte alemaniarra Berlinera negozio-bidaia ugari egiten dituen Orenekin maiteminduko da. Thomas pastelgilea da, eta Orenek emaztea du Israelen, Anat izenekoa. Halako batean, baina, Oren auto-istripu batean hilko da Israelen, eta Thomasek bertara joatea erabakiko du, erantzunen bila. Identitate sekretua erabiliko du Anaten bizitzan infiltratzeko. Afaria: Tomás Kalika (Buenos Aireseko Mishiguene) eta Mikel Gallo (Ni Neu).

  • Ramen Heads (Koki Shigeno, Japonia). Zopa eta fideoz osatutako ramena egiten maisua da Osamu Tomita sukaldari japoniarra. Obsesiboki egiten du lan, osagai onenak bilatu eta platerik dastagarrienak prestatzeko. Dokumentalak Tomitaren eta haren zaleen bizitzetako hamabost hilabete kontatuko ditu. Afaria: Sukaldaria bera etorriko da Donostiara filmarekin batera eskainiko duten otordua prestatzera.

  • E il cibo va / Food on the Go (Mercedes Córdoba, Argentina, Italia eta AEB). New Yorkera zein Buenos Airesera erbesteratutako italiarrek beren gastronomia eraman dute bizitoki berrietara. Baina zein lotura gordetzen du gastronomia horrek jatorrizko herrialdearekin? Afaria: Andra Tumbarello (Don Giovanni).

  • Papa no obento wa sekaiichi / Dad’s Lunch Box (Masakazu Fukatsu, Japonia). Bento edo janari-kutxa batek lotutako aita-alaben arteko benetako istorio hunkigarria. Izan ere, Institutuan emandako hiru urteetan aitak prestatutako bentoa jaten zuen alabak egunero, eta azken egunean, lehen eguneko bentoaren argazki bat aurkitu zuen gazteak, aitak idatzitako ohar batekin. Istorioa Twitterren zabaldu zuen, eta sekulako arrakasta izan zuen. Afaria: Mutsuo Kowaki sukaldari japoniarrak bento-kutxa fina prestatuko du.

  • Constructing Albert (Laura Collado eta Jim Loomis, Espainia eta Estonia). Ferran Adrià sukaldari arrakastatsuaren atzean gordetzen den sormen handiko Albert Adrià anaiaren inguruko dokumentala. El Bulli mitikoaren itzalpetik ateratzeko eta sukaldari handienen podiumean sartzeko egindako ahalegina erakutsiko du lanak. Afaria: Rubén Trincado (Mirador de Ulía), Daniel López (Kokotxa) eta Kepa Txapartegi (Alameda).

  • The Trip to Spain (Michael Winterbottom, Erresuma Batua). Steve Coogan eta Rob Brydorekin batera, Atlantikotik Mediterraneora egingo dute bidaia, sei jatetxetan otorduak eginez. Kantabria, Euskadi, Aragoi, Errioxa, Gaztela-Mantxa eta Andaluziako platerak probatuko dituzte roadtrip gastronomikoanAfaria: Enrique Fleishmann (Txoko Getaria eta Bidaniako Bailara) eta Jorge Maestro (nöla).