Ane Irazabal eta Karlos Zurutuza freelance gerra kazetariek eta Jaime Otamendi Donostia Kulturako zuzendariak Eric Baudelaireren Also Known as Jihadi filmaren inguruko solasaldia eskainiko dute irailaren 6an, 19:00etatik aurrera, Tabakaleran, artista eta zinegileak bertan duen erakusketaren harira.

Gatazka guneetan egindako lanketatik eta bizitako esperientzietatik abiatuta, Irazabal eta Zurutuzak filmean ageri diren edo aipatzen diren gatazkak izango dituzten mintzagai hilaren 6ko solasaldian.

Izan ere, filmak Abdel Aziz Mekki gazteak Frantziatik Egiptora eta handik Siriari egindako bidaia kontatuko du, Jihadi ezizenaz ezagutzen den ibilbidea. Bidaia horretan zehar Estatu Islamikoaren aitzindari izan zen Al-Nusra frontera batu zen, eta Siriako muga zeharkatzen lagundu zien hainbat herrikideri. Protagonista, baina, kameratik at egongo da filmaren zati handienean, haren istorioa baino, ibilbidearen ikuspegi zatikatua eskaini nahi izan baitu egileak.

Bada, solasaldia doakoa izango da, euskaraz, eta Tabakalerako Z aretoan egingo dute, irailaren 6an, 19:00etatik aurrera. Erakusketa, ostera, urriaren 15era arte egongo da ikusgai, eta hari lotuta, Gorka Bereziartuak hitzaldia eskainiko du irailaren 7an, 19:00etan, erakusketa aretoan bertan. Saioari Gure buruari gutunak Abkhaziatik jarri dio izena.