Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak ikus-entzunezko proiektuen ekoizpena eta zabalkundea sustatzeko Lanabesa izeneko diru-laguntzen araudia onartu du. Ikus-entzunezko atalak 175.000 euroko aurrekontua izango du, baina proiektu bakoitzak ezingo du 40.000 euro baino gehiago jaso. Ikus-entzunezko sorkuntza gipuzkoarra indartu nahi du hala Diputazioak.

GFA-Laguntzak-Zinea

Hizkuntza berritzaileen eta ikuspegi berrien erabilera sarituko ditu Gipuzkoako Foru Aldundiaren Lanabesa diru-laguntzak, baita Gipuzkoako lokalizazioen erabilera eta bertako talde tekniko eta artistikoen parte-hartzea ere. Euskararen erabilera eta emakumeen presentzia ere kontuan hartuko dituzte, baita egileen ibilbide profesionalak ere. Hala, ekoizpen fasean dauden proiektu oro aurkeztu ahal izango da deialdira, beti ere, 60 minutu baino gehiagoko iraupena eta ikuslego orokorraren aurrean eskaintzeko helburua badituzte.

“Sorkuntza gipuzkoarrek geroz eta pisu handiagoa dute euskal zinemagintzan, eta nazio mailako zein nazioarteko ikus-entzunezko panoraman tokia egitea lortu dute”, azaldu du Denis Itxaso Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatuak. Deialdiaren araudia aste honetan bertan onartu dute.

Proiektu bakoitzak ezingo du bere aurrekontuaren %70 baino gehiago jaso, ezta 40.000 euro baino gehiago ere, eta deialdira aurkeztu ahal izateko aurrekontuaren %30 lotuta izan beharko dute gutxienez.

Datozen asteetan zabalduko dugu informazioa.