‘Errementari’ filma Sitges 2017 jaialdian estreinatuko dute

Urriaren 5ean abiatuko dute Sitgeseko Zinema Fantastikoaren Nazioarteko Jaialdiaren edizio berria, eta Paul Urkijok zuzendutako Errementari filma bertan estreinatuko dutela iragarri dute. Julien Maury eta Alexandre Bustilloren Leatherface eta David F. Sandbergen Annabelle Creation lanak ere aurkeztuko dituzte festibalean.

Errementari-Sitges-Zinea

Bost urteko ibilbidearen ostean, Paul Urkijoren Errementari film fantastikoak urrian ikusiko du argia. Kinoskopik eta Gariza Films ekoizpen etxeek abiatu zuten proiektua, eta pixkanaka, txikitatik Urkijoren ipuin gogokoena izan den Patxi Errementari obrari buruzko filma prestatzen joan dira.

Iragan neguan errodatu zuten Eneko Sagardoy, Kandido Uranga, Josean Bengoetxea, Uma Bracaglia, Ramon Agirre eta gainerako euskal aktoreekin, eta otsailean Alex de la Iglesia ekoizle bilbotarrak egin zuen bat proiektuarekin. Hilabete batzuk geroago, halaber, Filmax Internationalek hartu zuen proiektua nazioartean banatzeko ardura.

Bada, azkenik, fantasia eta errealitatea uztartzen dituen film misteriotsua Sitgeseko jaialdian estreinatuko dutela iragarri dute. Genero fantastikoari eskainitako ekimen garrantzitsuan, baina, irrika handiz esperotako beste hainbat proiektu ere eskainiko dituzte, hala nola, Brian Taylor zinegilearen Mom and Dad film independentea, Robin Aubert zinegile kanadarraren Les affamés zonbien inguruko lana, Coralie Fargeat frantziarraren Revenge opera prima eta David Bruckner zinegile britainiarraren The Ritual, Adam Neville idazlearen beldurrezko eleberriaren egokitzapena.

Sitgesen maiz izan diren Julien Maury eta Alexandre Bustillo zinegileek ere Leatherface film berria aurkeztuko dute, Tobe Hooper pertsonaia mitikoari buruzkoa, eta The Conjuring sagako arrakasta berriena, David F. Sandbergen Annabelle Creation ere, bertan izango da.

Jaialdian eskainiko dituzten gainerako izenburuak ezagutzeko, sartu festibalaren orrialdean.