Ximun Fuchs eta Eñaut Castagnet lehengusuak dira. Lehena eskarmentu handiko antzerki zuzendaria eta aktorea da, besteak beste, Errautsak (2010), Hamlet (2013) eta Francoren bilobari gutuna (2016) obra laudatuetan aritutakoa, eta bigarrena ikus-entzunezko mundutik heldu da. Elkarrekin errodatu dute haien lehen film luzea, Non, eta 65. Donostia Zinemaldiko Zinemira sailean aurkeztuko dute. Luhuson izan gara, Harri Xuri kultur gelan.
Le Petit Theatre du Pain antzerki taldean aspalditik zuten film bat egiteko asmoa. “Orain egingo dut, ala ez dugu sekula egingo”, erabaki zuen Fuchsek halako batean, eta pixkanaka Non filmaren gidoia idazten hasi zen. Castagneti eta taldekideei erakutsi zien, eta film laburra zirudiena luze bilakatu zuten elkarrekin.
Aldudarrak Bideo eta Derriere le Hublot elkarteekin harremanetan jarri ziren orduan, eta hutsetik, proiektua aurrera ateratzeko baliabide guztiak bilatzeari ekin zioten: “Ez genuen ezer, dirurik ere ez. Eta beraz, guk egin dugu guztia”, azaldu du Fuchsek harro.
Espero gabeko sorpresa izan da haientzat filma 65. Donostia Zinemaldiko Zinemira sailean eskaintzeko aukeratua suertatzea, eta pozik hurbilduko dira egun horietan Donostiara. Segidan duzue elkarrizketaren laburpen-bideoa.