Kritika: ‘The Dark Tower’

The-Dark-Tower-Zinea-01Zuzendaria: Nikolaj Arcel

Urtea: 2017

Herrialdea: AEB

Umetan irudimen handia izaten dugu, batzuek besteek baino gehiago, baina hala izaten da. Edozein unetan, edozein elementurekin istorio edo abentura bat sor dezakegu. Horietako batzuek arratsalde-pasa baterako balio dezakete, eta beste batzuk garai bateko gure leitmotiva bilaka daitezke. Irudimen handia duten umeak, tamalez, gaizki-ulertuak izaten dira askotan, helduek zein adinkideek alboratzen dituztelako.

Irudimena eta errealitatea, fikzioa eta egia nahastea erraza da haien mugetan kokatzen garenean. Jolasak horretarako parada ematen digu. Horixe bera gertatuko zaio gure protagonistari The Dark Tower filmean, ume berezia da oso, berak badaki, ingurukoek ere badakite berezia dela, arrazoi batzuk egotziko dizkiote batzuek, beste batzuk besteek, baina horrelakoa da Jack protagonista: desberdina.

Mundua beste begi batzuekin ikusiko du, amets gaiztoak izango ditu gauero, eta amets horietan ikusten duena marraztuko du, ezaguna dugun munduaz harago beste zerbait dagoela argi daukalako, inork aintzat hartuko ez duen arren.

Stephen Kingen eleberrian oinarrituriko zintak proposamen interesgarria egingo digu hasieran, guztiok bizitzako momenturen batean bizi izan dugun egoera bat baitu abiapuntuan. Ziurtasun osoz egiatzat hartzen dugun sentipen edo bihozkada jarraitzen dugunean, erokeria badirudi ere, gure senak norabide zuzenan bideratzen gaitu, ingurukoek kontrakoa esango diguten arren. Haurtzaroaren unibertso anbibalentea, irudimena eta helduen errealitatearen arteko muga lausoa oraindik inposatu ez deneko garaia.

Zoritxarrez, Stephen Kingen irudimena, ezta Jack protagonistarena ere, ez dira nahikoa izango Nikolaj Arcelen lana salbatzeko. Elementu ugari izango dituen arren, unibertso paraleloak, deabruak, cowboyak eta denetariko izaki eta etorkizuneko makineria harrigarriak, ez da nahikoa izango, ez digulako elementurik oinarrizkoena azalduko: zer nahi du Jackek?

Zintak irabiatu erraldoia egingo du, aktore famatuak aukeratu, eleberri ezagunean oinarritu, On botoia sakatu eta efektu bereziekin txukundutako koktel-kopan zerbitzatu, baina ez diogu zentzurik topatuko, gauza sinpleenetan huts egin baitu.

Dirdira egiten duen guztiak ez du zertan baliotsua izan, efektu bereziak interesgarriak direlako, eta batzuetan, pixka bat apainduta, gauzak itxurosoagoak izan daitezkeelako, baina muinean huts egiten duen zerbaitek dirdira egitea zaila da oso. Efektu bereziz beteta egon arren, gauza ederrenak xumeenak izaten jarraitzen dutelako, eskerrak.