65. Donostia Zinemaldiko Zinemira saila eta jaialdian eskainiko dituzten gainerako euskal filmak aurkezteko agerraldia egin dute gaur Jose Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiko zuzendariak eta Ruth Pérez de Anuncita Donostia Zinemaldiko komunikazio arduradunak, euskal zinemagintzaren industriako profesional ugariz lagunduta. Orotara zazpi film lehiatuko dira Euskal Zinemaren Irizar saria eskuratzeko, eta jaialdian hamalau euskal ekoizpen eskainiko dituzte.

Zinemaldia-Zinemira-Zinea-02

Aitor Arregi eta Jon Garañoren Handia eta Fernando Francoren Morir Sail Ofizialean lehiatuko dira (Irizar sarirako hautagaiak); Koldo Almandozen Plágan laburra, aldiz, Zabaltegi-Tabakalera sailean izango da; eta Antonio Cuadrí zinegilearen Operación Concha (Irizar sarirako hautagaia) Belodromoan eskainiko dute. Aldez aurretik ezagutzen genituen film horiez gain, baina, hamar euskal film eskainiko dituzte jaialdian.

Zinemira sailean, esaterako, ondorengoak:

  • Bi txirula. Iñigo García Arrizabalagaren lehen filmak bizileku hobeago baten bila ihesi joango diren bi gizonen istorioa kontatuko du. Jon Elizalde, Iker Hazas, Jon García, Kandido Uranga eta Amaia Goikoetxea dira filmeko aktore nagusiak, eta bizitzaren inguruko hausnarketa egingo du zintak (Irizar sarirako hautagaia).
  • Elkarrekin-Together. Migueltxo Molina, Pablo Iraburu eta Igor Otxoak zuzendu dute euskal balea-arrantzaleek AEBtara egin zuten lehen espedizioaren arrastoak jarraituko dituen dokumentala. Horretarako, euskal arkeologo talde batekin AEBko ekialdean hutsik dagoen uharte batera joango dira, eta euskaldunen eta bertakoen arteko lankidetza-harremanaren inguruko ikerketa egingo dute (Irizar sarirako hautagaia).
  • Converso. David Arratibelen lanak bere familia osoa fede katolikora nola konbertitu zen kontatuko du. Raúl del Toro, María Arratibel, Pilar Aranburu eta Paula Tellechea dia dokumentaleko protagonistak, baina dokumentalak ez du Iriziar saria eskuratzeko lehian parte hartuko.
  • Nur eta heransugearen tenplua. Juanba Berasategiren filmak Nurrek eta haren gurasoek Txinara egindako bidaia eta bertan bizitako abentura izango ditu hizpide. Belodromoan eskainiko dute, eskoletako haurrei zuzendutako emanaldietan. Ez da Irizar saria eskuratzeko lehian sartuko.

Zinemira-Zinemaldia-Zinea

Zinemira sailetik kanpo, eta emanaldi berezi gisa, Bertha Gaztelumendik zuzendutako Volar dokumentala eskainiko dute. Emakunderekin batera ekoitzitako proiektuak genero indarkeria jasan duten zazpi emakumeren testigantzak jasoko ditu, elkarrekin igaroko duten asteburuan.

Bestetik, 2017ko Kimuak katalogoa osatzen duten zazpi film laburrak eskainiko dituzte sektoreko profesionalentzako saio pribatuan, eta Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroaren VI. edizioan, aldiz, Pablo Agüerok zuzendutako Akelarre eta Mikel Rueda Sasietaren El doble más quince proiektuek hartuko dute parte, aholkularitza jasoaz.

Hizkuntza ez-hegemonikoetan egindako zinemagintza sustatzeko aurten aurrenekoz egingo duten Glocal in Progress ekimenaren baitan, halaber, Telmo Esnalen Dantza proiektua hautatu dute, eta Maider Fernández Iriarteren Las letras de Jordi dokumentala Ikusmira Berriak deialdiaren bidez izango da Zinemaldian.

Zinemira Saria

Ikus-entzunezko industriako euskal profesionalen lana errekonozitzeko asmoz 2009an sortutako Zinemira Saria, azkenik, Julia Juaniz muntatzaile nafarrak jasoko du. Euskal Zinemaren Galan emango diote garaikurra, irailaren 26an, eta bertan Elkarrekin-Together dokumentala eskainiko dute.

60tik gora film muntatu ditu Juanizek, hala nola, Carlos Saura, Víctor Erice, Daniel Calparsoro, Ramón Barea eta Alberto Gorritiberea zinegileen pelikulak, eta muntaketa onenaren Goya sarirako hautagaia izan da bi alditan: 1996an, Goya en Burdeos (Carlos Saura) filmagatik, eta 2005ean, Iberia (Carlos Saura) dokumentalagatik.

Horrez gain, errealizadore gisa ere lan egindakoa da, eta zinemagintzako unibertsitate eta eskoletan muntaketa-ikastaroak eman ditu. Bere argazki eta bideolanak hainbat erakusketatan izan dira ikusgai.

0