Antoniak, Berneri, Finkiel, Libon eta Hinant, Popescu eta Schwentke zinegileen filmak, sei orotara, dira Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean eskaintzeko hautatu dituzten azken lanak, Urrezko Maskorra eskuratzeko lehian. Orotara 18 proiektu izango dira ikusgai jaialdiko sail entzutetsuenean, beste hiru lehiaketaz kanpo eta lau emanaldi berezietan.

Donostia-Zinemaldia-Sail-Ofiziala-Zinea-65

65. Donostia Zinemaldia hasteko lau aste eskas falta direnean, Sail Ofizialean lehiatuko diren film guztien izenburuak ezagutzera eman dituzte antolatzaileek. Azken orduko sorpresarik ezean, beraz, zinegile entzutetsuen hemezortzi proiektuk izango dute aurtengo Urrezko Maskorra irabazteko aukera, eta gaur bertan, abuztuak 28, azken sei izenburuen berri eman dute:

  • Alanis (Anahí Berneri, Argentina). Zinegile argentinarra hirugarrenez etorriko da Donostiara, 2007an Fipresci saria jaso zuen Encarnación eta 2014an ikusgai izan genuen Aire libre filmen ostean. Iaz, gainera, Epaimahai Ofizialeko kidea izan zen. Alanis filmean prostituzioan aritzen den emakume baten zailtasunak deskribatuko ditu.
  • Beyond Words (Urszula Antoniak, Polonia eta Herbehereak). Zuzendari poloniarraren laugarren film luzeak abokatu gazte baten istorioa kontatuko du; aita bisitan joango zaio, eta mingarria suertatuko zaion iraganari aurre egin beharko dio.
  • Der Hauptmann / The Captain (Robert Schwentke, Alemania, Frantzia eta Polonia). Stuttgarteko zuzendariaren berrienak II. Mundu Gerrako Alemaniara eramango gaitu, gerra amaitzear zen unera. Besteak beste, Divergent saileko bi atalen zuzendaria da: Insurgent (2015) eta Allegiant (2016).
  • La Douleur / Memoir of Pain (Emmanuel Finkiel, Frantzia). Zinegile frantziar ezaguna aurrenekoz etorriko da Donostiara Marguerite Duras idazlearen egunkariaren egokitzapena aurkeztera.
  • Ni juge, ni soumise / So Help Me God (Jean Libon eta Yves Hinant, Frantzia eta Belgika). Strip-Tease telesail dokumentalaren atzean dagoen taldeak Anne Gruwez Bruselako epaile bereziaren kasua jarraituko du.
  • Pororoca (Constantin Popescu, Errumania eta Frantzia). Ohiko familia errumaniar baten egunerokoa zeharo aldatuko da egun batean, seme-alabekin parkean dela, aitak alaba galduko duenean. Popescuren bigarren filma ere, Principles of Life (2010), Zinemaldian izan zen.