Aurrez iragarri bezala, Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketaren XVI. edizioak egun bat gehiago izango du, eta irailaren 25etik 29ra egingo dute Tabakaleran, 65. Donostia Zinemaldiaren testuinguruan. Orotara hamalau film labur lehiatuko dira, eta ikasleek Raymond Depardon, Todd Haynes eta Nobuhiro Suwa zinegileen master classak jasoko dituzte, besteak beste.
Donostia Zinemaldiak Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketa indartzeko apustua egin du. Ez soilik iraupenari dagokionean, baita jardueren programazioari begira ere, eta hala, Donostiara beren filmak aurkeztera etorriko diren zenbait zinegile eta ekoizlek ere hartuko dute parte topaketan. “Talentu berriak argitara atera nahi ditugu, eta Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketa apustu horren giltzarrietako bat da”, azaldu du Jose Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiko zuzendariak gaur bertan Tabakaleran egin duten agerraldian.
Topaketaren egoitza nagusia, hain zuzen ere, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa izango da, honek ere, “sortzaile berriekiko konpromiso irmoa” duela gogorarazi baitu Ane Rodriguez Armendariz zentroko zuzendariak.
Bada, aurtengo deialdian 45 herrialdetako 110 eskoletatik bidalitako lanak jaso ditu hautespen batzordeak, eta horien artean Alemania, Argentina, Belgika, Kroazia, AEB, Frantzia, Israel, Mexiko, Portugal, Txekiar Errepublika eta Errusiatik heldutako hamalau lan aukeratu dituzte, ondorengoak:
- 13+ (Nikica Zdunic, Kroazia). Janka nerabeak haurtzaroko xalotasuna ahal beste luzatu nahiko du, Zorana lagunak beste interes batzuk dituen arren.
- 212 (Boaz Frankel, Israel). Babes-etxeko zuzendaria den Doronen egun bat erakutsiko digu filmak.
- De madrugada (Inês de Lima Torres, Portugal). Abuztua amonaren etxera igarotzera joango da Alicen familia, eta amonaren iragan koloniala ezagutuko du bertan neskatilak.
- Deux égarés sont morts (Tommaso Usberti, Frantzia). Vera eta Matteo ezkutuan elkartuko dira paisaia basati baten erdian. Baina neskaren aitari aurre egin beharko diote lehenik.
- Find Fix Finish (Sylvain Cruiziat eta Mila Zhluktenko, Alemania). Afganistanen drone militarrekin erasoak egiten dituzten hiru pilotu estatubatuarren testigantzak.
- Fiora (Martina Juncadella eta Martín Vilela, Argentina). Fiora eta Martinek bazkaria prestatuko dute elkarrekin, eta ostean elkarrekin jango dute.
- Heimat (Sam Peeters, Belgika). Ekialdeko Europan hedatzen ari den eskuineko populismoari buruzko dokumentala, Flandesko bizitegi-auzoen karikatura ironikoa egiten duena.
- L’home llop (Lluís Sellarès, Herrialde Katalanak). Mar lanean den bitartean, Nico arduratuko da etxeko zereginez. Baina basoaren handitasunari begira, lan horiek atzeratuko ditu.
- Microcastillo (Alejandra Villalba García, Mexiko). Etxe barruan zelatapean egongo da familia bat, eta amak alabekin ihes egin nahiko du.
- The Jungle Knows You Better Than You Do (Juanita Onzaga, Belgika eta Kolonbia). Kolonbian, mamuen lurraldean, bi senide paisaia mistikoetan barrena ibiliko dira aita zenaren espirituaren bila.
- Vezení (Damián Vondrásek, Txekia). Suhiaren jazarpenetik aldendu nahian, Jakub irakasleak espetxe batean hezitzaile-lana egiteko eskaintza onartuko du.
- Wandervogel (Mina Fitzpatrick, AEB). Texaseko basamortuan bizi da Dan Dailey, gurasorik ez duten haurrentzako babeslekuan lanean. Bi dokumentalgile bertara joango dira, film bat egitera, baina hilda aurkituko dute.
- Ya ostayus (Grigory Kolomytsev, Errusia). Filatovek aspaldi ikusi ez zuen anaiaren hilotza herrixka batean jaso eta etxera eraman beharko du.
- Zeit der unruhe (Elsa Rosengren, Alemania). 2016ko ekainaren 23ko erreferenduma Suedian eta Alemanian nola kontatu zuten aztertuko du lanak.
Saileko epaimahaia topaketan parte hartuko duten eskoletako ikasleek osatuko dute, Jose Luis Torres Leiva buru dutela. Irabazleak Panavision saria lortuko du: 10.000 euroko kreditua Panavision materialaren alokairuan erabiltzeko.
Eskola magistralak
Filmak aurkezteaz gain, dena den, topaketara etorritako ikasleek sona handiko zinema zuzendarien lanak ezagutzeko eta haien eskola magistralak jasotzeko aukera izango dute jaialdian zehar.
Raymond Depardon eta Claudine Nougaret zinegile eta ekoizlearen 12 jours filma, esaterako, Zabaltegi-Tabakalera sailean eskainiko dute, eta lehenarekin solasteko aukera izango dute gazteek irailaren 25ean, astelehena, 11:15etik 13:15era. Hogeitik gora film luze dokumental zuzendu ditu, eta 50 argazki-liburu baino gehiago kaleratu. Nougaretekin batera Palmeeraie et désert ekoizpen etxea sortu du, eta sari ugari jaso dituzten proiektuak osatu dituzte elkarrekin.
Toddy Haynes zuzendaria eta Christine Vachon ekoizlea, halaber, Wonderstruck lana aurkeztera etorriko dira Donostiara, Perlak sailean. Eta bide batez, eskola magistrala eskainiko dute irailaren 26an, asteartea, 15:30etik 18:00etara. Haynesek Poison (1991), Velvet Goldmine (1998) eta Far From Heaven (2002) bezalako lan arrakastatsuak zuzendu ditu, eta Vachonek AEBtako zinema independentean egin diren film laudatuenetako batzuk ekoitzi ditu, tartean, Carol (Todd Haynesekin batera, 2015ean), Still Alice (Richard Glatzer, 2014) eta Boys Don’t Cry (Kimberly Peirce, 1999).
José Luis Torres Leivek, bere aldetik, El sueño de Ana filma aurkeztuko du Zabaltegi-Tabakalera sailean, eta iralairen 27an, asteazkena, 16:00etatik 18:00etara master classa eskainiko du Tabakaleran. Rotterdamen zein Venezian saritu dituzte bere filmak, eta iaz Zinemaldiko Zabaltegi sailean hartu zuen parte El viento sabe que vuelvo a casa lanarekin.
Marine Francen zinegileak, bestetik, Le Semeur bere lehen film luzea aurkeztuko du Zuzendari Berriak sailean, eta irailaren 28an, osteguna, eskola magistrala eskainiko du 16:00etatik 18:15era Tabakaleran. Zuzendari laguntzaile gisa aritu izan da Olivier Assayas eta Michael Haneke bezalako zuzendari ezagunekin, eta Le Semeur lanaren aurretik, lau labur idatzi eta zuzendu ditu.
Nobuhiro Suwa zuzendari japoniarra, azkenik, Le lion est mort ce soir filmarekin lehiatuko da Zinemaldiko Sail Ofizialean, eta horrez gain, eskola magistrala ematera etorriko da Donostiara, irailaren 29an, ostirala, 11:00etatik 13:30era. M/Other (1999), H Story (2003), Un couple parfait (2005) eta Yuki & Nina (2009) bezalako maisulanengatik da ezaguna Hiroshimako zinegilea.