Martxan da Santurzine jaialdiaren V. edizioa

Santurzine Santurtziko Film Laburren jaialdia motorrak berotzen hasi da jada, irailaren 15etik urriaren 7ra luzatuko baitira jaialdiko egitarauan ageri diren filmen emanaldiak, erakusketak, erakuslehioen lehiaketa, Santurzine XS heziketa-programa eta film laburren gidoien lehiaketa. Gainera, Serantes 2017 saria Anabel Alonso aktore bilbotarrak jasoko du.

Santurzine-2017-zinea-02

Santurzine jaialdira estatu mailako filmak aurkezteko epea iragan uztailaren 16an amaitu zen; Euskal Pantailak eta Ibiltariak sailetan parte hartzekoa, aldiz, abuztuaren 13an; baina Santurtzi sailera proiektuak aurkezteko epeak zabalik jarraitzen du irailaren 3ra arte. 15 minutu baino gutxiago irauten duten proiektuek har dezakete parte lau sailetan, baldin eta egileak EAEn erroldatuta badaude, eta horien artean hainbat aukeratuko dituzte antolatzaileek jaialdian zehar hiriko areto txikietan eta tabernetan eskaintzeko.

Jaialdiaren alderdirik interesgarriena ikusleen eta sortzaileen arteko harreman horizontala da, emanaldien ostean, elkarrekin hitz egiteko eta ikusitakoaz hausnartzeko aukera izaten baitute.

Gainera, Santurtziko jarduera kultural, sozial eta ekonomikoa suspertzea du helburu ekimenak, eta tokiko zinemagintza bultzatzeko, film laburren gidoien lehiaketa antolatuko dute Saregabe – Creacion y Difusión Cultural elkarteak, Frk8 Films elkarteak eta Euskal Gidoigileen Elkarteak elkarlanean. Lanak aurkezteko azken eguna irailaren 15a izango da. Segidan topatuko dituzue deialdiaren ezaugarriak.

Serantes saria

Bigarren edizioaz geroztik, halaber, euskal zinema indartzeko Serantes saria banatzen dute urtero. Zinemaren sustapenean lan egin duten euskal profesionalei zuzendutako garaikurra da, eta orain arte, Félix Linares kazetariak, Juanma Bajo Ulloa zinegileak eta Moriarti ekoizpen etxeak jaso dute, hurrenez hurren.

Aurten, ordea, Anabel Alonso euskal aktorea sarituko dute. Urriaren 7ko itxiera galan emango diote oroigarria pantaila txikian zein handian egindako ibilbide profesional bikainagatik. 2012az geroztik, gainera, Santurtziko enbaxadorea da Alonso.

Santurzine-2017-Zinea-04