Ana, mon amour
Errumaniatik helduko zaigu Calin Peter Netzer zinegilearen berriena; Berlingo zinemaldian aurkeztu zuen filma, eta lanaren muntaia nabarmendu zuten adituek. Filmeko protagonistak Ana eta Toma gazteak dira; unibertsitatean ezagutu zuten elkar, maitemindu eta ezkondu egin ziren. Tomak Ana zainduko du, eta egoeraren kontrola duela pentsatuko du. Baina errealitatea oso bestelakoa da, ezagutzen ez duen emakume baten inguruan grabitatzen ari baita, eta hark bere beldurrak gainditu eta arrakasta lortuko duenean, Toma Errumaniako gizarteak ezarritako tabuek eta errepresioak menderatuta bizi dela ohartuko da. Mircea Postelnicu eta Diana Cavallioti aktoreek lan bikaina egin dute obran.
Un profil pour deux (En lugar del Sr. Stein)
Duela bi urte alargundu zenetik, Pierre ez da etxetik irten. Alaba kezkatuta dago, eta Alex kontratatuko du aitari Internet erabiltzen erakutsi diezaion. Lehen unean mesfidantza eragingo badio ere, pixkanaka, Sarearen abantailak ezagutzen hasiko da Pierre, eta zitak lotzeko atari batean emango du izena, bakarrik sentitzen delako. Flora63 erabiltzailearekin harremanetan jarriko da, eta lehen hitzordua egingo du harekin; baina bere ordez, Alex bidaliko du neska ezagutzera. Pierre Richard, Yaniss Lespert eta Fanny Valette aktore frantziarrek hartu dute parte Stéphane Robelin zinegilearen komedia erromantikoan.
Hampstead (Una cita en el parque)
Diane Keaton eta Brendan Gleeson aktoreek, aldiz, gertaera errealetan oinarritutako drama ekarriko digute, Joel Hopkinsen eskutik. Lehenak Londresko Hampstead Village auzoan bizi den Emilyren papera egingo du; bertako parke eder eta ezagunaren alboan du etxea, eta senarra hil zenetik, ez die kasurik egiten ez etxeari, ezta arazo ekonomikoei eta Philip semeari ere. Kaosaren erdian, baina, parkearen erdian eraikitako txabola batean bizi den Donald ezagutuko du (Gleeson); etxebizitza modernoak eraiki ahal izateko, bere etxetik alde egiteko eskatuko diote Donaldi, eta horren aurka borrokatuko dute elkarrekin.
Tadeo Jones 2. El secreto del Rey Midas
Tadeo Jones animaziozko pertsonaiaren bigarren atala ere gaur estreinatuko dute zinema aretoetan. Arkeologo izatearekin amesten duen eraikuntzako langileak Sara Lavrof ikertzailearen deia jasoko du, Midas Erregearen papiroa aurkitu duela eta aurkezpenera gonbidatu nahi duela esanez. Baina ekitaldian Sara bahituko dute, eta hura askatzeko Alhambrako jauregira joango da Tadeo, papiroak aipatzen duen lepokoa eskuratzera. Enrique Gatok zuzendu du Jordi Gasullek idatzitako gidoia, eta lehen atalean bezalaxe, LightBox Entertainment, Telecinco Cinema, Toro Pictures, Ikiru Films eta Studio Canal arduratu dira lanaren ekoizpenaz. Pertsonaia nagusien ahotsak, ostera, Jose Motak, Michelle Jennerrek, José Corbachok eta Adriana Ugartek jarri dituzte.
Verónica
REC saga ezagunaren zuzendari Paco Plazaren lan berriak, ostera, 90eko hamarkadako Madrilera eramango gaitu. Moja-eskola batean ikasten ari diren hiru neska nerabek Ouija egingo dute. Une horretatik aurrera, naturaz gaindiko izakiek haietako bat mehatxatuko dute, eta ez dute bakarrik utziko, familia osoa hankaz-gora jarri arte. Sandra Escacena, Bruna González, Caludia Placer eta Ana Torrent aktoreek, besteak beste, hartu dute parte Fernando Navarroren gidoidun lanean.
The Hitman’s Bodyguard (El otro guardaespaldas)
Ryan Reynoldsek antzeztutako Michael Bryce bizkarzainak bezero berri bat izango du: Darius Kincaid (Samuel L. Jackson) hiltzailea. Honek Hagako epaiketa batean testigu gisa parte hartu beharko du, Gary Oldmanek gorpuztuko duen diktadorearen aurka egiteko. Patrick Hughes zinegileak zuzendu du akzioa eta komedia uztartzen dituen proiektua.