The-Beguiled-PosterZuzendaria: Sofia Coppola

Urtea: 2016

Herrialdea: AEB

Gizakia naturaren parte izango ez balitz bezala… Sofia Coppola zuzendariak eskua laztanduko digu, goxo eta leunki, baina tinko, gure eskuek gordetzen duten indarra gurtuz eta errespetatuz, liluraz, hatz bakoitza jarraituz, animalia bitxia bagina lez. Ondoren, eskutik tira egin eta bere domeinuan sartuko gaitu, naturak bere egin duen erreinuan, animalien domeinuan.

Gehienetan ahaztu egiten dugu animaliak garela, baina hala da, animaliak gara, eta morala janzten dugu kortse itogarri bezala, gure animaltasuna konortea galtzeraino jazarriz, moralaren nagusitasun garbia goraipatzearren, animaltasunarekin lotzen gaituenaz lotsatuko bagina bezala. Kontua da moralak askotan beste muturreraino eraman gaitzakeela bere arau eta zuzenkeriarekin, urrun nahi dugun animaltasun horretatik basakeria bortitzenera hurbilduz, gure izatearen ukapenera, sentipenik gabeko krudeltasunera, piztia basatiena ere iritsiko ez litzatekeen inguruetara.

Hala agertuko zaizkigu pertsonaiak The Beguiled filmean, naturak inguratuta. Babeslekuan lubakia egin dute, naturak irentsi ez ditzan. Animaliak ez direla azpimarratuko dute aldiro, eta kortsea estutuko dute behin eta berriro, zuzentasunaren izenean, gizatasunak naturarekin loturarik ez balu bezala, animaliak direla ahaztu nahiko balute bezala, gizakiaren handinahikeriaz itsututa, euren buruak ukatuz.

Baina naturak bere bidea bilatuko du, ibaiek egiten duten bezala, bere tokia zein den argi baitu naturak, eta bete egingo du. Halaxe egingo du zinta honetan, eta modu ezin hobean gainera, aktore-talde bikaina osatzen duten profesionalek: Kirsten Dunst, Nicole Kidman, Colin Farrel eta Elle Fanning. Guztiak ere animaliak, eta hala jokatuko dute, animalien modura egingo dute distira, eta haien kalterako, desira ezkutatzen saiatuko dira. Zeren eta, ez al dira ederrak desira, lilura eta nahia? Zergatik ukatu, desitxuratu eta ezkutatu? Sentituko ez bagenitu bezala, egongo ez balira bezala. Hor dago koska eta gakoa, jaun-andreok, naturatik isolatuta dagoen kristalezko kaiola horretan animaliak bizi baitira, onartu nahi ez duten arren, eta gizaki guztiok bezala jakin-minak, irrikak, desirak mugituko ditu, eta, tamalez, hori ukatzearekin batera hasiko dira gatazkak.

Sofia Coppolak ohiko pop estetika alde batera utziko du, eta estetika askoz ere konbentzionalagoa erabiliko du oraingoan bere istorioa azaltzeko, argazki fin eta landu batekin, nola ez, eta ia antzematen ez den soinu bandarekin, klimaxera iritsitakoan oilo-ipurdia jarriko digun soinu banda, hori bai. Baina istorioaren mesedetan egingo du, pertsonaiak modu sakonean ezagutzeko parada emateko; beraiekin lotsak sortutako barreak egingo ditugu, masailak gorrituko zaizkigu eta begi-niniak handitu, ederrak direlako erakusten dizkigun piztiak, oso, eta liluratuta izango gaitu kaiola gisa funtzionatuko duen Tenesse Williamsen eleberrietatik ateratakoa dirudien etxetzarrean sartu dituen pertsonaiekin. Beraiekin tentuz ariko gara, oihanean bezala, liluratzeko eta liluratuak izateko jolasean, dantzan.

Baina kontuz, ez dezagun ahaztu animalia ederrenek ere hozka egiten dutela, eta ez beti eraso egitearren, batzuetan beldurra dela, besteetan jolasean. Ez gaitezen, bada, gehiegi lasaitu, hozkada batzuk ez baitira sekula ahazten.