Dokumentalen alorreko profesionalen arteko harremanak eta nazioarteko koprodukzioa sustatzeko ekimena da Donostia Zinemaldian egiten duten Lau Haizetara Foroa, eta aurten XIII. edizioa antolatuko dute irailaren 26tik 28ra. Bada, 2017ko katalogoan egongo diren amaitutako proiektu berriak iragarri dituzte, lau orotara.
IBAIA Ikus-entzunezko Euskal Ekoizle Burujabeen Elkarteak antolatzen duen Lau Haizetara Koprodukzio Foroak 30 proiekturi baino gehiagori lagundu die aurrera egiten, urtez urte, Zinemaldian antolatutako prestakuntza tailer eta Pitching-saioen bidez. Lan horiek guztiak Lau Haizetara Foroaren katalogoan sartzen dituzte, eta 2017an lau proiektu batuko dira zerrendara, ondorengoak:
- Arizmendiarreta, el hombre cooperativo. Gaizka Urrestirenak zuzendu du filma, Altube Filmak ekoizpen etxearekin. EiTBren eta ICAAren babesa du proiektuak.
- Cause of Death. Anniken Hoel zinegile norvegiarrak zuzendu du filma, eta Andrew Grantek ekoitzi du.
- Impulso. Emilio Belmontek zuzenduta proiektua, Les Films De La Butte ekoizpen etxe frantziarrarekin.
- The Damadan Cannon. Atta Awisat-Nimrod Shanit zinegile israeldarrak zuzendu du filma, eta OutSide Films International etxeak ekoitzi du.
Ekimenaren XIII. edizioa 65. Donostia Zinemaldian egingo dute, irailaren 26tik 28ra, eta bertako jardueretan parte hartzeko aukera dago oraindik. Hamabi proiektu aurkeztuko dituzte, eta nazioarteko ekoizle eta banatzaileen aholkularitza jasoko dute.