Koldo Larrañaga, (Azkoitia, 1923) apaiza, euskaltzalea eta euskal zinemagintzaren ikertzailea hil da, 94 urte zituela. Caiceco-Yuso (Araba) herrian 60 urtez jardun zuen apaiz, eta eskualdean euskara sustatzeko lan handia egin zuen. Euskal zinemaren artxibategi aberatsa osatu zuen etxean, eta Ikuska sailerako labur bat zuzendu zuen: Arabako herrien heriotza.
Larrañagak oso gustuko zuen zinema txikitatik, “gizartearen argazkia” zela baitzioen. Gasteizko apaiztegian ikasi zuen, eta Arabako hainbat herritan izan zen apaiz, azkenik, Caicedo-Yuson amaitu zuen arte. Bertan euskara sustatzea izan zuen helburu, eta horretarako, besteak beste, fraideentzako zein interesa zuen edonorentzako euskara ikastaroak eta zine forumak antolatu zituen, azken horiek, Olabide ikastolako haurrekin.
Zinegile gisa, halaber, Ikuska film laburren bilduman hartu zuen parte garaiko zinegile ezagunekin batera, eta Arabako herrien heriotza izeneko lana osatu zuen. 1976ko martxoaren 3ko gertakariak ere filmatu zituen, eta filma osatu. Era berean, euskal zinemaren historia sakon aztertu zuen Enrique Calvorekin batera idatzitako Lo vasco en el cine obran.