Abracadabra-Kartela-Zinea-Kritika-02Zuzendaria: Pablo Berger

Urtea: 2017

Herrialdea: Espainia

Look into my eyes, look into my eyes…”. Begietara begiratu, tentuz, eta arreta egiozu esango ditudan hitzei. Une honetatik aurrera, zure gogoa nire eskuetan jarriko duzu. Sorgindu egingo zaitut, liluratu, hipnotizatu, eta zure barrunbe sakonenetara iritsiko naiz, bertan hazi bat landatzeko. Zer gertatuko da hortik aurrera? Ez dakigu, denborak esango du.

Hori da Pablo Berger zuzendariak Abracadabra filmean egin duen apustua. Sorgindu egin nahi gaitu, liluratu, aztikeriekin tronpatu, genero eta erreferentzia ugarirekin egindako edabea emango digu dastatzeko, plastikozko bitxikeria, kolore eta estetika doilorrenekin inguratuko gaitu. Itxurazko luxu baldarrekin jantzi, apaindu, bete, kontrako eztarritik sartuko zaigun arte. Ondoren, eta orduan bakarrik, iratzarriko gaitu, beste begi batzuekin ikusten has gaitezen, eta geure buruari nor garen galde diezaiogun.

Zintak, oro har, umorezko tonua izango du, nahiz eta suspentsea ere txertatuko duen tramak hala eskatuta, eta une latzenetan, gore puntu bat erabiltzen ausartuko da.

Maitasuna, nortasuna eta magia, zein da zein eta zergatik? Nor maitatu erabaki egiten al dugu? Horrelakorik erabakitzerik al dago? Ez dago argi… Zergatik gara garen modukoak, eta zergatik maite dugu gure begietako pertsona hori? Beste norbait bere ordez aurkeztuko baligute, aldatuko genuke? Ez dut uste, edo bai.

Begietara begiratu eta adi entzun, sorginkeria honetan gauzak ez direlako diruditena. Non bilatuko dugu gure sena? Geure zokorik sakonenean gordea, ezkutatua. Adi entzuten duen horrek soilik entzungo du, erabateko isiltasunean, han, urrunean, baxu, hondoan, belarrira xuxurlatuta. Maitasuna hori delako, entzutea eta ezagutzea.

Horretarako, zuzendariak aktore trebeenak aukeratu ditu; Maribel Verdúk eta Antonio de la Torrek ongi egiten dakiten bezala erakutsiko dizkigute pertsonaiak, eta haiekin maiteminduko gara. Begiekin komunikatzeko gaitasuna ez dagoelako denon esku, bi aktore horienetan bai, ordea, eta eskerrak, begi-nini haietan murgilduko garelako haien gogoak zeintzuk diren jakiteko, eta azken unera arte ez dugu argi izango zer nahi duten. Guk ba al dakigu akaso?

Baga, biga higa, sorginkeriak, maitasuna ez al da ba sorginkeria? Beste norbaiti lotzen gaituen hari ikusezina. Denbora eta espazioa zeharkatzeko gauza den lotura, ez al da ba hori magia? A, barkatu, agian ez duzue magian sinetsiko. Baliteke, ulerkorra da, magia umeen kontua da, inuzenteen istorioa, txotxoloentzako hitz jarioa.

Jantzi, orduan, zuen arropa dotoreenak, apaindu, orraztu, atondu eta eseri, ez duzuelako zertan beldurrik izan behar, magia existitzen ez denez, esango dizuedanak ez dizuelako inolako kalterik egingo.

Hiru arte zenbatuko dut atzera kontuan, eta hirura ailegatzerakoan zuen gogoa nirea izango da, berarekin nahi dudana egiteko. Irakurri, beraz, tentuz, adi, filma hasiko da-eta.

Hiru, bi, bat, aurrera.