Udazkenean euskaraz estreinatuko dituzten haur eta gazteentzako animaziozko hiru filmen berri eman zuen Zineuskadik iragan ekainean, eta berriki kaleratu duten ebazpenaren arabera, beste bi lan batuko zaizkie aurretik aipatutako horiei. Estreinaldiak irailetik abendura izango dira.

Ninjago Lego pelikula (Charlie Bean eta Paul Fisher), Hurrak eta Lapurrak 2 (Peter Lepeniotis) eta Paddington 2 (Paul King) filmez gain, Frantziatik eta Turkiatik heldutako beste bi lan estreinatuko dituzte, lehena urrian eta bigarrena abenduan, Zineuskadi elkartearen bidez; biek ala biek, animaliak dituzte protagonista!

Alfa Picturesen The Jungle Bunch izango da lehena. Tigre bat dela usten duen Maurice pinguinoa da filmeko protagonista, eta basoko gainerako animaliekin, abentura zirraragarriak biziko ditu. Film frantziar honen oinarrian arrakasta handia izan duen izen bereko telesaila dago, eta gurean, urriaren 22an estreinatuko dute euskaraz.

Bigarren proposamena, Sagu and Pagu, aldiz, Turkiatik helduko zaigu, nahiz eta Dibulitoon ekoizpen eta banaketa etxe euskalduna arduratu den lanaren nazioarteko salmentez. Lanak lehortutako lurralde batera eramango gaitu; bertako animaliak gosez eta egarriz bizi dira, eta egoera konpontzeko, dortoka buru, altxor ezkutu baten bila abiatuko dira. Filma abenduan estreinatuko dute, data zehatzik oraindik jakinarazi ez duten arren.