Estreinaldiak: Abuztuak 11

The Emoji Movie

Whatsapp aplikazioaren bidez horren ezagun egin diren Emojiei eskainitako filma aste honetan estreinatuko dute. Anthony Leondis eta Eric Siegelek osatutako gidoiaren arabera, Emojiak Textopolis izeneko lurraldean bizi dira, mugikorren erabiltzaileek haiek noiz aukeratuko zain. Emoji guztiek aurpegiera bakarra duten arren, Genek ez du filtrorik, eta aurpegiera ezberdinak har ditzake, baina ez du sekula asmatzen. Hala, gainerakoak bezalakoa izan nahiko du, eta Bostekoa eta Jailbreak lagunekin batera abentura zirraragarri bat biziko du. AEBetan orain bi aste estreinatu zuten filma, eta ez zuen harrera onik izan.

King Arthur: Legend of the Sword

Guy Ritchie zinegile ezagunaren berriena ere porrot gisa deskribatu dute nazioartean. Charlie Hunnam Arturo errege gaztearen azalean sartu da, eta Excalibur ezpata eskuratu ostean, gurasoak hil zizkion eta koroa lapurtu zion Vortigern (Jude Law) tiranoaren aurka borroka egin beharko du Guinevere (Astrid Bergès-Frisbey) emakume misteriotsuaren laguntzarekin. Fantasia eta akzioa uztartu ditu filmak, baina emaitza ez da bereziki oparoa izan.

Snatched (Descontroladas)

Goldie Hawn eta Amy Schumer belaunaldi ezberdinetako komedia-aktore ezagunak dira AEBetan, eta filmaren sinposia nahiko aldrebesa bada ere, Linda eta Emily ama-alaben paperak defendatzeko gai izan dira Jonathan Levine zinegilearen zinta eskas honetan. Mutil-lagunak konbentzituta, amarekin Ekuadorrera joatea erabakiko du Emilyk, eta bertan daudela, talde armatu batek bahituko ditu. Ihes egitea izango dute helburu, eta horretarako, elkarlanean aritzea funtsezkoa izango da.

L’ora legale (La hora del cambio)

Siziliako Pietrammare herriko bizilagunek ez dute legea errespetatzeko ohiturarik, eta horregatik, zaborra pilatu egiten da edukiontzietan, trafikoa jasanezina da, errepideak zuloz beteta daude eta zakurrek kakak ugariak dira espaloietan. Hauteskundeetan, baina, egoera aldatzeko asmoz helduko den alkate berriaren alde egingo dute, eta gizartean errotuta dauden bizio horiek guztiak zuzentzen ahaleginduko da. Italiatik helduko zaigu Salvatore Ficarra eta Valentino Piconek idatzi, zuzendu eta antzeztutako komedia.

Prijde letos Jezísek? (Milagro en Praga)

Lenka Knyk zuzendu duen komedia erromantikoak Mexikotik Txekiar Errepublikara itzuliko den familiaren abenturak pantailaratuko ditu. Penelopek ezingo du haurdun geratu, eta bolada txar horrekin amaitzeko, familia osoarekin Pragara bidaiatzea erabakiko du haren ama Mercedesek. Bertan direla, espero gabeko gertaera misteriotsu ugari jazoko dira, eta Gabon giroaz gozatzeko aukera izango dute. Txekiar Errepublikaren, Mexikoren eta Eslovakiaren artean ekoitzitako komedia erromantikoa 2013an estreinatu bazen ere, orain helduko da gurera.