Telmo Esnalen Dantza, Miha Mazzini esloveniarraren Izbrisana eta Hadrian Marcu errumaniarraren Un om la locul lui film luzeak aukeratu dituzte irailaren 25ean, 26an eta 27an Donostia Zinemaldian egingo duten Glocal in Progress ekimenaren lehen edizioan eskaintzeko. Hizkuntza gutxituetan egindako zinemagintza sustatzea du helburu jarduerak.

Glocal-in-Progres-Dantza-Zinea-02

Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Europako hizkuntza ez hegemonikoetan (hau da, alemana, errusiera, frantsesa, gaztelania, ingelesa eta italiera ez direnetan) errodatutako filmen garapena eta ikusgarritasuna sustatzeko eta zinematografia horien artean sareak sortzeko garatu duen ekimena da Glocal in Progress.

Lanak jasotzeko deialdia iragan apirilean zabaldu zuten, eta aurkeztutako proiektuen artean, postprodukzio fasean dauden hiru aukeratu dituzte Donostian eskaintzeko:

  • Dantza, Telmo Esnal (Euskal Herria, euskaraz)

Euskal dantzen sinbolo eta metaforak oinarri hartuta, sormenezko film libre bat osatu nahi izan du Esnalek, bizitzaren zikloaren istorioa eta gizakiaren garapena erakutsiz.

Dantza-Telmo-Esnal-01

  • Izbrisana, Miha Mazzini (Eslovenia, Kroazia eta Serbia, eslovenieraz)

36 urteko Ana gazteak ospitale batean erdituko da. Itxuraz, dena ongi irten da, baina arazo txiki bat dago: ez da datu-base informatizatuan ageri. Hala, labirinto burokratikoan harrapatuta ikusiko du bere burua.

  • Um om la locul lui, Hadrian Marcu (Errumania, errumanieraz)

Petru petrolio-industriako langilea da; haurdun dagoen Laurarekin ezkondu behar da, baina lankide baten emazte Soniarekin ere maitasun harreman bat du.

Hirurak lana amaitzen eta nazioartean banatzen lagunduko dieten ekoizle, banatzaile, saltzaile eta programatzaile profesionalen aurrean eskainiko dituzte irailaren 25etik 27ra, 65. Donostia Zinemaldian.