Abuztuaren 11n itxiko dute Abycine Lanza deialdira proiektuak aurkezteko epea

Abycine Albaceteko Zinemaren Nazioarteko Jaialdiaren XIX. edizioa urriaren 20tik 28ra egingo dute, eta aurten bigarrenez, zinema independentearen Abycine Lanza merkatua antolatuko dute, kasu honetan, urriaren 19tik 21era. Bada, deialdira proiektuak aurkezteko epea bihar, abuztuak 11, itxiko dute.

Abycine-Lanza-Zinea-Deialdia

Abycine Lanza merkatuaren helburua garapen bidean dauden ikus-entzunezko proiektuak sustatzea da, zinemagintza independentean diharduten profesionalen topaleku bilakatuta. Horregatik, parte hartzaileek, proiektuak saio itxietan aurkezteaz eta profesionalen aholkuak jasotzeaz gain, 15.000 euroko bi laguntza jasotzeko aukera ere izango dute, eta Madrilgo ECAM Zinematografia eta Ikus-entzunezkoen Eskolako estudioak, instalakuntzak eta baliabideak erabili ahal izango dituzte.

Azoka urriaren 19tik 21era egingo dute Albaceten, Abycine jaialdiarekin batera, eta deialdira proiektuak aurkezteko epea bihar bertan, abuztuak 11, itxiko dute. Izen-ematea online egin behar da, eta ezinbestekoa da proiektuek (fikziozko film luzeak ala dokumentalak) 60 minututik gorako iraupena izatea.

Orotara 20 proiektu hautatuko dituzte, eta irailaren erdialdean jakinaraziko dute aukeratuen-zerrenda. Interesa baduzu, kontsultatu deialdiaren oinarriak segidan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude