Kritika: ‘Dunkirk’

Dunkirk-Posterra-Zinea-Kritika-TxikiaZuzendaria: Christopher Nolan

Urtea: 2017

Herrialdea: AEB

Eztanda bat entzun da, ikaragarri ozena, zentzumenak une batez itzaltzen dizkizun horietakoa. Denak lurrean daude, alde batera eta bestera korrika ari da jendea, leherketak, kea, sua, zarata eta hegazkinak airean. Gerra baten erdian zaude, gerra batek erdigunerik badu. Bertan zaude, zentzumenak zorabiatuta, nora jo ez dakizula; horrelakoxea da Nolan eta Dunkirken gertatutakoaz egiten duen irudikapena.

Lepotik eutsi zaitu; ondo heldu, eta bultzaka hasi zaizu filmarekin, behin eta berriro. Musika piztu da hasieratik, epikaren himno bortitzak bortxaz girotu nahi zaitu, konturatu ez bazara ere, gerran gaudelako. Eta ordulari baten hotsa entzun da, denbora amaituko ote zaizun, mehatxu egin nahian.

Rubiken kubo bat duzu eskutan, biraka, irtenbidea zein den jakin nahi duzu, piezei bueltak eman dizkiezu, tokiz aldatu, puzzlea osatzeko, irtenbidea lehenbailehen topatzeko. Baina itsasontzia hondoratzen ari da, eta ez duzu irteteko modurik topatu, denboraz larri zabiltza eta piezek ez dute inoiz bat egiten.

Horrelakoxea da zuzendariak osatzen duen filmaren muntaia, puzzle erraldoi horretan atzekoz aurrera egituratu baititu gertakariak. Baina guztiz epikoa den egoera modu aski trebean azaldu arren, ez du bere helburua lortuko. Zergatik ez du Nolanek gu hunkitzea lortu? Robot bat dirudi, adimen artifizalaren bidez sortutako diskurtsoa, teknikari finena, baina arimarik gabekoa. Googleren armiarma, animatronika bidez programaturiko roboten parada. Pieza guztiak milimetrikoki doitu ditu, baina ez dute dirdirarik begietan, ez dira izaki bizidunak, gidoi ikasia oihukatzen duen zeluloidea baino ez, polita, baina hutsa, edukirik gabea.

Irtenbiderik ez duzula sentiaraziko dizu zintak, hasieratik bukaerara itolarria sorrarazten duen klima estuarekin. Bai, horrelakoxea izango da gerra, istripu bat bezalakoa. Kontrola galtzen duen gidari baten azken segundoak. Ez diot meriturik kenduko, guztiz asmatu baitu horretan, itolarriak, bortizkeriak eta ezinegonak besaulkira lotu nautelako, baina erabiltzen dituen tresnek ez naute konbentzitu, arimarik ez dutelako, eta egoera gorrienetan ere, guztiok dugulako azken hitza, erredentziorako bidea, maitearen usainaren oroitzapena, hilez gero galduko dugunaren mina, beldurra, tristura eta arerioekiko erruki txikia.

Dunkirken ez, ordea, zuzendariaren orkestran Wagnerren sinfoniarekin batera egiten dute dantza pertsonaiek, nortasunik izango ez balute bezala, eta pantaila itzali orduko desagertuko dira, berriro ez agertzeko.

Muturreraino bultzatu nau Nolanek, berak ongi egiten dakien bezala, eta ez naiz hunkitu, arima daukadalako, eta erakusten duen trebezia polita bada ere, eta zorabiatu nahi nauen soinu bandak zentzumenak trabatu dizkidan arren, ez dut amore emango, ez Nolan, horrela ez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude