Euskadiko Filmategia artxibategiko teknikari baten bila dabil

Euskadiko Filmategiak Urdanibiako (Irun), Oñatiko eta Intxaurrondoko (Donostia) egoitzetan dituen materialak Tabakalerara ekartzeko asmoa du datozen hiletan, urte amaierarako artxibategi bateratua izateko. Horregatik, materialak ekarri aurretik eta ondoren prestatuko, tratatuko eta aztertuko dituen norbaiten bila ari dira.

Euskadiko-Filmategia-Lanpostua-Zinea

Abuztuaren 18ra arte, filmoteca@filmotecavasca.com helbidera curriculumak bidaltzeko epea zabaldu du Euskadiko Filmategiak. Film artxibategietan aldez aurretik lan egin dutela frogatu beharko dute hautagaiek, eta material zinematografiko fotokimikoen, digitalen eta bideografikoen erabileran, kontserbazioan, katalogazioan/indexazioan eta edizioan esperientzia izango beharko dute.

Kontratua 2018ko urtarrilaren 31n amaituko da, Filmategiaren asmoa, urte amaierarako, lekualdaketaren zati handiena amaituta egotea baita. Lanaldi osoko kontratua izango da, eta hautagaiek ikasketa zinematografikoekin lotutako unibertsitate titulua izan beharko dute.

Informazio gehiago behar izanez gero, sartu Euskadiko Filmategiaren atarian.