Joan zen astean jakin genuen Jon Garaño eta Aitor Arregiren Handia, Manuel Martín Cuencaren El autor eta Antonio Méndez Esparzaren Life and Nothing More filmak 65. Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatuko direla. Bada, haiekin batera, besteak beste, Barbara Albert, Alexandros Avranas, Diego Lerman eta James Franco zinegileen lanak lehiatuko dira Urrezko Maskorra irabazteko.

Sail-Ofiziala-Zinemaldia-Zinea

Aurtengo Donostia Zinemaldian ikusgai izango diren filmen jarioa hasi da dagoeneko, eta gaurkoan Sail Ofizialean lehiatuko diren beste zortzi filmen berri eman dute. Frantzia, Japonia, Austria, Alemania, Grezia, Errumania, Serbia, Belgika, AEB, Argentina, Brasil eta Poloniatik etorritako filmak dira, haietako hainbat bi ala hiru herrialderen artean ekoitzitakoak, eta ibilbide oparoa duten egileenak, gehienak.

Segidan duzue zerrenda:

  • Le lion est mort ce soir (Nobuhiro Suwa). Zahartzen ari den Jean aktorea Frantzia hegoaldean bizi da, eta ezkutuan, utzitako etxe batera joango da bizitzera. Gazte talde batek, baina, beldurrezko film bat errodatu nahiko du bertan.
  • Le sens de la fête (Olivier Nakache eta Éric Toledano). Pierre eta Helena XVIII. mendeko gaztelu batean ezkonduko dira, Parisko aldirietan, eta haien ezkontzan parte hartuko duten profesional guztien egitekoa aztertuko du filmak.
  • Licht (Barbara Albert). 1777ko Vienan, Maria Theresia Paradis 18 urteko pianista itsu bikaina Franz Anton Mesmer sendagilearen egoitzara eramango dute gurasoek, ikusmena berreskuratu dezan. Bertan oso gustura egongo da gaztea, baina ikusmena berreskuratu ahala, musikarako duen gaitasuna galtzen ari dela ohartuko da.
  • Love Me Not (Alexandros Avranas). Bikote gazte batek etorkin bat kontratatuko du, eta elkarrekin izan nahi duten haurra haren sabelean hazi dadin nahiko dute. Baina gizona atzerrira joango da lanera, eta dei bat jasoko du: emaztea auto-istripu batean hil da.
  • Solda Tii. Poves te din ferentari (Ivana Mladenovic). Adi antropologoaren eta Alberto preso-ohi erromanien arteko harremanari buruzko drama.
  • Sollers Point (Matt Porterfield). 24 urteko Keithi baldintzapeko askatasuna eman diote. Baltimoren bizi da, eta bere bizitzari eta lanari zentzua emango dion zerbaiten bila ariko da.
  • The Disaster Artist (James Franco). Tommy Wiseauren The Room (2003) filmaren making-ofa zuzendu du Francok.
  • Una especie de familia (Diego Lerman). Buenos Airesen bizi den sendagilea da Malena, eta egun batetik bestera, herrialdearen iparraldera joan beharko du, zalantzaz eta bidegurutzez jositako bidaia batean.

Datorren astean, halaber, Sail Ofizialean lehiatuko diren gainerako filmen zerrenda kaleratuko dute.