Bederatzi euskal ekoizpen etxek jasoko dute Edgard Tenembaumen laguntza

Zineuskadi elkarteak eta Europa Creativa Desk Media Euskadik film luze bat garatzen ala filmatzen ari diren euskal ekoizleentzako aholkularitza saioak antolatu ditu. Proiektuak aurkezteko deialdia zabaldu zuten ekainean, eta orotara bederatzi ekoizpen etxeren proposamenak aukeratu dituzte, irailaren 5etik 7ra, Edgard Tenembaum ekoizle argentinar ezagunaren laguntza jaso dezaten.

Edgar-Tenembaum-Zinea

Bainet, Baleuko, Demeter Films, Dibulitoon, Doxa Producciones, Frágil Cinema, Irusoin, Sonora Estudios eta Txintxua Films ekoizpen etxeetako arduradunek Tenembaumen saioetara joateko aukera izango dute irail hasieran Zineuskadi elkartearen Tabakalerako egoitzan. Esku artean dituzten proiektuentzako nazioarteko finanatzaketa nola lortu, ekoizpenean lagunduko dieten kideak nola bilatu, eta proiektua nazioartean nola zabaldu aztertuko dute saio horietan, eta Tenembaumek laguntza pertsonalizatua eskainiko die.

Gainera, irail hasierako saio horien ostean, Donostia Zinemaldian egingo duten Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroarekin ere egingo dute bat parte hartzaileek, bertara etorritako nazioarteko ekoizleekin elkarlana sustatzen lagunduko baitie Parisen bizi den adituak.

Aurretik, Tenembaumen aholkularitza saioetatik igaro dira, besteak beste, Moriarti eta Irusoin ekoizpen etxeen Handia, Kinoskopik ekoizpen etxe euskaldunaren Errementari eta Txintxua ekoizpen etxearen Dantza proiektuak.