Perlak eta Zabaltegi-Tabakalera sailetako lehen filmak iragarri dituzte

A kategoriako hainbat jaialditan saritu dituzten film interesgarrietako hainbatek hartu dute parte 65. Donostia Zinemaldiko Perlak eta Zabaltegi-Tabakalera sailetan. Besteak beste, Cannesen Urrezko Palma irabazi duen The Square lanak zabalduko du zinema esperimentalari eskainitako saila, eta Berlinen Urrezko Hartza jaso zuen On Body and Soul film hungariarra Perlak sailean izango da ikusgai.

Perlak-Zinemira-Zinea

Nazioartean saritutako filmak biltzen dituen atala da Donostia Zinemaldiko Perlak. Iaz, esaterako, Cannesen FIPRESCI saria jaso zuen Toni Erdman (Maren Ade) film alemaniarra eta jaialdi berean Urrezko Palma irabazi zuen I, Daniel Blake (Ken Loach) britainiarra izan ziren ikusgai Donostian, eta lehenak ikusleen saria jaso zuen.

Bada, aurten ondorengo harribitxiak izango dira ikusgai:

  • Luca Guadagninoren Call Me By Your Name, Sundanceko eta Berlingo jaialdietan eskaini zuten lana. Hamazazpi urteko Elio eta 24 urteko Oliver gazteen arteko harremanari buruzko filma, 1983ko Italia iparraldean girotutakoa.
  • Cannesen Epaimahaiaren Sari Nagusia irabazi zuen Robin Campilloren 120 Battements par minute (120 BPM). 90eko hamarkadako Parisen, hiesaren inguruko kontzientziazio kanpainetan lan egin zuten gazte aktibistei buruzko lana.
  • Andrey Zvyagintseven Nelyubov, Cannesko Epaimahaiaren sariaren irabazlea. Banantzen ari den bikote batek elkarrekin bilatu beharko du eztabaida baten ostean etxetik ihesi joan zaien semea.
  • Berlinen Urrezko Hartza lortu zuen Ildikó Enyedi hungariarraren Teströl és lélekröl. Amets berberak izaten dituztela ohartuko dira bi gazte, eta esperientzia horiek bizitza errealean berregiten ahaleginduko dira.
  • Sundancen estreinatu zuten, bestetik, Michael Showalteren The Big Sick. Kumail eta Emily gazteen arteko maitasun harremanari buruzko filma, kultura-aniztasunaren eta onarpenaren inguruan.
  • Todd Haynesek zuzendu duen Wonderstruck, Cannesen aurrenekoz eskaini zuten lana. Garai ezberdinetan bizi diren Ben eta Rose haurrak beren ametsak betetzen ahaleginduko dira.
  • Fernando León de Aranoaren Loving Pablo (jaialdia itxiko du). Pablo Escobar narkotrafikatzaile ospetsuaren historia.

Horrez gain, Zabaltegi-Tabakalera saileko zenbait filmen aurrerapena ere egin dute jaialdiaren antolatzaileek:

  • Ruben Östlund suediarraren The Square filmak zabalduko du saila. Arte museo bateko programatzaile Christianen bizitzako pasarte bat kontatuko du lanak.
  • L’amant d’un jour (Philippe Garrel). 23 urteko neska gazte bat aitaren etxera itzuliko da mutil-lagunarekin zuen harremana bukatu ostean, eta aita bere adineko neska batekin dabilela jakingo du.
  • Muchos hijos, un mono y un castillo (Gustavo Salmerón). Karlovy Varyn dokumental onenaren saria jaso duen lanak bere birramonaren ornoa aurkitzeko Julitak abiatuko duen bilaketa prozesu bitxia kontatuko du.
  • No intenso agora (Joao Moreira Sallers). Txinako Iraultza Kulturalaren lehen aroan filmatutako metraje amateur batetik abiatutako lana.
  • Saura(s) (Félix Viscarret). Viscarretek berak Carlos Saura zinegile konsagratuari egindako erretratua.
  • Tesnota (Kantemir Balagov). Cannesko Un Certain Regard sailean FIPRESCI saria jaso duen lan errusiarrak haur gazteena eta emaztea berreskuratzeko negozioa saldu eta laguntza eskatu beharko duen familiaren istorioa kontatuko du.
  • Vergüenza (Juan Cavestey eta Álvaro Fernández Armero). Jesús eta Nuria bikotekideen bizitza patetikoari buruzko hamar kapituloko telesail espainiarra.