Réparer les vivants (Reparar a los vivos)

Etxerako bidean, hiru surflari gaztek istripu bat izango dute, eta Simon hilzorian egongo da. Une berean, Parisko ospitale batean, bihotza trasplantatzeko zain egongo da emakume bat. Thomas Remige transplanteetan adituak, bada, oraindik shock egoeran dauden Simonen gurasoak konbentzitu beharko ditu semearen bihotza beste bizitza bat salbatzeko erabili dezaten. Katell Quillévéré zinegile frantziarraren hirugarren film luzea Veneziako eta Torontoko zinema jaialdietan eskaini zuten iaz, eta Cesar sari frantziarretan egokitutako gidoi onenaren garaikurra eskuratzeko hautagaia izan zen, Maylis de Kerangalen izen bereko eleberrian oinarrituta baitago.

Kongens Nei (La decisión del rey)

1940an, soldadu alemaniarrak Osloko hirira iritsi zirenean, Norvegiako erregeak herrialdearen historia aldatuko zuen erabakia hartu behar izan zuen. Erik Poppe zinegile norvegiarraren lanak gertaera errealak ditu oinarrian, eta besteak beste, Jesper Christensen, Anders Baasmo Christiansen, Tuva Novotny eta Juliane Köhler aktoreek hartu dute parte gerra giroko draman.

Rückkehr nach Montauk (Regreso a Montauk)

Aurten Berlingo zinema jaialdiko Sail Ofizialean aurkeztu dute Volker Schlöndorff zinegile alemanaren lan berria, Max Frischen eleberrian oinarritutakoa. Filmeko protagonista Max Zorn idazlea da. Arrakasta handiko eleberri bat argitaratu berri du New Yorken, hain zuzen ere, hamazazpi urte lehenago, hiri horretan bertan Rebeccarekin bizi izandako maitasun harreman bati buruzko eleberria. Clara emaztearekin dagoen arren, Rebecca ikustea erabakiko du, bertan bizi baita ordutik. Eta elkarrekin Montaukera joango dira.

Atomic Blonde (Atómica)

Charlize Theron Lorraine Broughton espia errukigabearen azalean sartuko da 1989ko Berlinen girotutako akziozko thrillerrean. MI6ko ezkutuko agente bat hilik azalduko da Berlingo harresia eraitsi baino egun batzuk lehenago, eta Broughtonen egitekoa agente hori osatzen ari zen zerrenda topatzea izango da, Ekialdeko Berlinen lan egiten duten ezkutiko agente guztien izenak eskuratzeko. David Leitchek zuzendu du zinta, eta orotariko kritikak jaso dituen arren, tirorik falta ez duela eta ikusleei arnasa hartzeko tarterik ere ematen ez diela azpimarratu dute nazioarteko adituek.

Transformers: The Last Knight (El último caballero)

Transformers sagako bosgarren filma zuzendu du Michael Bay zinegile estatubatuarrak. Oraingoan, istorioaren jatorrira joango dira, eta Transformesak Lurrera nola iritsi ziren ezagutuko dugu. Baina gaur egungo mundua salbatzeko Cade Yeager asmatzailea (Mark Wahlberg), Bumblebee Lord ingelesa (Anthony Hopkins) eta Oxford Unibertsitateko irakasle Vivane Wembley (Laura Haddock) batu egin beharko dira, aliantza hirukoitza osatuz. Bada sagako filmik ahulena dela esan duenik, baina baita narrazioaren garapenarekin zinematik pozik irten denik ere. Haria ez galtzea izango da erronka nagusia!

Abracadabra

Pablo Bergerrek idatzi eta zuzendu du Maribel Verdú, Antonio de la Torre eta José Mota aktore nagusitzat dituen komedia beltza. Verdú Madrilgo auzo batean bizi den etxekoandrea da; senarrak futbolean baino ez du pentsatzen, eta uneoro aldarte txarrean dago. Ezkontza batean, ordea, hipnosi ikuskizun batean boluntario irtengo da gizona, eta erabat aldatuta esnatuko da. Hura berreskuratzea ez da lan erraza izango.