Zinema eta gastronomia uztartuko dituzte abuztuan Artiumen

Abuztuaren 2an hasi eta hilaren 30era arte, Arte, Zinema eta Gastronomia zikloa egingo dute Gasteizko Artiumen. Lau egunetan, artelan bat lehenik, film bat ostean, eta mokadu bat azkenik, ikusi eta probatzeko aukera izango dute bertaratuek. Sarrerak 7,5 euroan eskuratu ahal izango dira (Artiumen Adiskideek 5 euroan).

Abuztuaren 2an, asteazkena, Lalangue lavion (Il y a un ennemi, 2011, Juan Pérez Agirregoikoa) eta Todavía esperando (errores de escala, 1992, Francisco Ruiz de Infante) artelanei egindako bisitarekin hasiko dute zikloa, 19:30ean. Gehienez ere 25 lagunentzako lekua izango da, eta horregatik, izen-ematearean ordena errespetatuko dute. Ostean, 20:00etan, George Cukor estatubatuarraren Dinner at Eight (1933) klasikoa emango dute, eta amaitutakoan, aspic-a sasoiko barazkiekin dastatzeko aukera izango da Cube jatetxean.

Hilaren 17an, osteguna, aldiz, Demostración irrefutable de las paralelas según Eli de Gortari (1966, Amable Arias) eta Trabajo forzado (Weaver, 2005, Liliana Porter) artelanak bisitatuko dituzte lehenik, ostean Tassos Baulmetis greziarraren Politiki kouzina (2003) eskainiko dute, eta azkenik, txahalki koftea eskainiko dute Cuben.

Abuztuaren 23an, bestetik, Flor y mujer (1969, Juan Hidalgo) eta Síndrome Muntadas (2009, Juan Pérez Agirregoikoa) artelanak ikusteko aukera izango da, eta segidan Marcos Jorge brasildarraren Estômago (2007) filma proiektatuko dute. Sabela betetzeko, brasildar oilaskoa coxinha barazkiekin probatzeko aukera izango da Cube jatetxean.

Eta zikloaren azken egunean, abuztuaren 30ean, Please Don’t Move! (with rebackground, 2002, Liliana Porter) eta Situations with Levitating Rabbit (2008, Liliana Porter) artelanak aurkeztuko dizkiete bisitariei; ondoren, Jia Zhang Ke txinatarraren Shan he gu ren (2015) filma eskainiko dute aretoan, eta azkenik, ganba-gioza txinatarrak jarriko dituzte Cuben.

Argibide gehiago behar izanez gero, ala erreserbak egiteko, sartu Artiumen webgunean edo deitu 945 209 020 zenbakira.