Kritika: ‘Baby Driver’

Baby-Driver-Posterra-ZineaZuzendaria: Edgar Wright

Urtea: 2017

Herrialdea: AEB

Ondo eseri, eroso jarri, estutu gerrikoa, atzerako ispiluak egokitu, eta garrantzitsuena, motorra piztuta dagoenean, abesti egokia aukeratu, orain bai, bolumena igo eta play botoia sakatu. The Jon Spencer Blues Explosionen Bellbottoms abestia hasiko da. Dantzatu nahi duzu? Benetan dantzatu nahi al duzu? Eztanda hastera doa eta!

Musika eta zinema estutuki lotuta daudela argi dago, horren adibide, filmak mutuak zirenean ere, zuzeneko musikarekin girotzen zirela emanaldiak. Musika erabiltzeko moduak eta moduak daude zineman. Edgar Wright zuzendariak egiten duen musikaren erabilera ez da berria, baina bai dela gozagarria, oso gozagarria. Zuzendariak musika diegenetikoa erabiliko du zinta girotzeko, zer nolako musika, gainera. Eta zer da musika diegenetikoa? Bada, eszenan gertatzen den ekintzaren baitan entzuten den musika, eta ez kanpoko elementu bat. Adibide gisa, horra Baby Driver filmeko protagonista den Ansel Elgort (Baby, filmean). Kaskoak belarrietan izango ditu filmak irauten duen bitartean, eta aitzakia hori nahikoa izango da zuzendariak musika playlist gozagarri batekin pantailan ikusten dugun guztia erritmo eta sentipenez janzteko.

Zintaren hasieratik amaierara, erritmoaren eta musikaren arteko harremana dantza bizkorra izango da. Soula, bluesa, rocka… Dantza dezagun oinak mugituz, modu bortitzenean eszena batzuetan, modu goxo eta leunean besteetan. Plano guztiek koreografia bat osatzen dute, ordu eta 52 minutuko bideoklip erraldoi batean bageunde bezala.

Oh Deborah, oh Deborah, zebra bat dirudizu, eta Anarirekin oroitu naiz. Badakit ez duela zerikusirik, baina maitasunak eta zebrak Anari ekartzen didate burura. Deborah, T-Rexen abesti bat izateaz gain, filmeko protagonistetako bat ere bada. Babyrekin batera ihes egin nahiko du. Musika ahalik eta ozenen jarri, pedala beheraino zapaldu eta alde egin, errepide guztiak zeharkatu arte, munduko tokirik galduenetara heldu, eta are urrunago iritsi, ahal bada, etenik gabe.

Asko izan daitezkeelako ihesbideak, leku fisikoez gain, beste hainbeste; gotorlekuak, ezkutalekuak. Oinez iritsi gaitezke batzuetara, autoz besteetara, musikaren bitartez, literatura, zinema, irudimena, oroimena… Salbu sentiarazten gaituzten leku horietara jotzeko joera dugulako batzuetan, egunerokotasuna eramangarriagoa egingo diguten babestokiak.