Jeanne Moreau aktore eta zinegile frantziarra zendu da

‘Frantziako zinemaren dama’ ezizenaz ezaguna zen Jeanne Moreau (Paris, 1928-2017) aktore eta zinegile frantziarra 89 urterekin hil da. Nouvelle vague mugimenduaren musetako bat izan zen, eta Frantzian zein nazioartean orotariko sari eta aitortzak jaso zituen. Orson Wellesen hitzetan, emakumezko aktorerik onena zen.

Jeanne-Moreau-Zinea-Slide

50eko hamarkadatik 60ko hamarkadaren amaierara luzatu zen nouvelle vague (olatu berria) zinema-mugimendu frantziarraren musa eta ikurra izan zen Moreau. Oso gazte hasi zen aktore lanetan, antzerkian lehenik, eta ostean zinemara egin zuen jauzia. Louis Malle, François Truffaut, Michelangelo Antonioni, Luis Buñuel, Jacques Demy, Roger Vadim, baina baita Elia Kazan, Orson Welles, Peter Brook, Wim Wenders eta garaiko beste hainbat zinema zuzendari ezagunekin ere egin zuen lan.

100dik gora filmetan hartu zuen parte, eta haietan guztietan egindako lanagatik, British Film Institute-ko ohorezko kide egin zuten, Cannesko zein Berlingo zinema jaialdietako epaimahaien presidentea izan zen, 1992an bere ibilbide osoa saritzen zuen Venaziako zinemaldiko Urrezko Hartza jaso zuen, 1994an MOMAk atzera begirako bat eskaini zion, 2003an Cannesko Ohorezko Palmorria jaso zuen, eta beste hainbat aitortza egin zizkioten.

Dena den, aktore lanetan ez ezik, zuzendari gisa ere aritu zen. 1976an Lumière izeneko filma zuzendu zuen, eta hiru urte geroago estreinatu zuen L’Adolescence Simone Signoretekin. Lillian Gish emakumezko aktoreari buruzko dokumentala osatu zuen ondoren, eta 2001ean Verdiren Attila opera zuzendu zuen Parisko Bastille Operan.

Bada atzo, uztailaren 31n, zendu zen Parisen, 89 urte zituela.