‘Handia’ Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatuko da

Donostia Zinemaldiko sail nagusian proiektatuko duten Moriarti eta Irusoin etxeen bigarren ekoizpena izango da Handia, 2014an aurkeztu zuten Loreak arrakastatsuaren ostean. Madrilgo Arte eta Zientzia Zinematografikoen Akademian egin duten agerraldian jakinarazi du berria Jose Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiko zuzendariak. Horrez gain, Koldo Almandozen Plagan (Izurria) laburra Zabaltegi-Tabakalera sailean eskainiko dute, eta Borja Cobeagaren Fe de Etarras eta Abra Produkzioak-ek ekoitzitako Operación Concha Belodromoan izango dira ikusgai.

Handia-Film-02

Luze itxaron behar izan dugu Handia filma ikusteko. Luze, filmaren inguruko xehetasunak ezagutzeko. Izenburuaren aldaketa eta urriaren 20ko estreinaldia izan dira proiektuaren inguruan jakin ditugun azken berriak, gaur arte. Irailaren 22tik 30era luzatuko den Donostia Zinemaldiaren 65. edizioan, Sail Ofizialean, lehiatuko baita Handia. Eta berarekin batera, Manuel Martín Cuencaren El autor eta Antonio Méndez Esparzaren Life and Nothing More ekoizpen espainiarrak. Horiexek Sail Ofizialean izango diren lehen hiru filmak, asteazkenean laugarren baten berri emango dutela gaineratu baitu Rebordinosek.

Handiak Migel Joakin Eleizegi ‘Altzoko Handia’-ren bizitza kontatuko du, eta bereziki, anaiarekin batera Europan zehar egin zuen bira. Filmaren zuzendari Jon Garaño eta Aitor Arregi; Jose Mari Goenaga gidoilaria; Eneko Sagardoy, Aia Kruse eta Joseba Usabiaga aktoreak; eta Irusoin (Xabier Berzosa) eta Kowalski Films (Koldo Zuazua) ekoizpen etxeetako kideak ere Madrilen izan dira, agerraldian.

Sail Ofizialetik at

Koldo Almandoz zuzendari donostiar emankorraren Plagan (Izurria) film laburra, bestetik, ohiz kanpoko lanentzako Zabaltegi-Tabakalera sailean izango da. Aurtengo Kimuak katalogoan ere hautatu dute (Almandozen bederatzigarren aldia da Kimuak katalogoan). Iaz, aldiz, kritika bikainak jaso zituen Sîpo Phantasma estreinatu zuen sail berean.

Horrez gain, Borja Cobeagak zuzendu duen laugarren film luzea, Fe de Etarras, Belodromoan egingo duten emanaldian eskainiko dute, baita aurtengo neguan eta udaberrian Donostian errodatu zuten Operación Concha ekoizpena ere.

Lehena umore beltza erabiliko duen komedia da, 2010eko udan, Espainiako probintzia-hiriburu batean, girotutakoa. Komando bitxi baten egunerokoa erakutsiko digu, Espainiako futbol selekzioa Hego Afrikako Munduko Kopan lehiatzen ari den bitartean.

Operación Concha, ostera, Antonio Cuadrik zuzendu du, eta aktoreen artean dira Karra Elejalde, Unax Ugalde, Ramón Agirre eta Bárbara Goenaga euskaldunak. Donostia Zinemaldian girotutako akziozko komedia da.

Kowalski Films ekoizpen etxe bilbotarrak, halaber, hartu du parte Fernando Francoren Morir filmean, Ferdydurke Films ekoizpen etxearekin batera. Emanaldi berezi batean eskainiko dute. Argentinaren, Espainiaren eta Frantziaren artean ekoitzitako La cordillera proiektua bezalaxe. Bertako protagonista da Ricardo Darín, eta Donostia Saria jasotzera etorriko da irailaren 26an.

Gaur bertan iragarri dituzten gainerako filmen inguruko informazioa Donostia Zinemaldiaren atarian topatuko duzue.