Gidoien sorkuntzarako laguntza deialdia zabaldu du Jaurlaritzak

Proiektuen ekoizpenerako eta garapenerako laguntza deialdien ostean, Eusko Jaurlaritzak, kultura sorkuntza bultzatzeko deialdiaren baitan, gidoi zinematografikoen sorkuntzara bideratutako 2017ko diru-laguntzen deialdia kaleratu berri du. 100.000 euroko aurrekontua dute, eta gidoiak aurkezteko azken eguna irailaren 14a izango da.

Gidoien-sorkuntzarako-laguntza-Zinea-Jaurlaritza

2017tik aurrera Eusko Jaurlaritzaren zinemarako laguntzen egiturak bi helburu nagusi izango dituela iragarri zuten ekain hasieran Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Joxean Muñoz Kultura sailburuordeak eta Aitziber Atorrasagasti Kultura Sustatzeko zuzendariak: batetik, talentu berriak detektatu eta haiek sustatu eta zaindu nahi dituzte; eta bestetik, lanak nazioartekotzeko helburua dute, koprodukzioaren bidez, nagusiki. Horretarako, hainbat aldaketa proposatu zituzten, bai gidoien sorkuntzara bideratutako laguntzetan, baita proiektuen garapen eta ekoizpenerako laguntzetan ere.

Bada, azken bi deialdi horiek kaleratu dituzte jada, eta hirugarrenak atzo bertan ikusi zuen argia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

Aldaketa nagusiena aurrekontuaren murrizketa izan da: 141.000 eurotik 100.000 eurora igaro da aurtengo partida. Aldiz, filmen garapenera zuzendutako laguntzak 200.000 euro hazi dira, eta jasotako kopuruaren % 45 gidoien garapenera bideratu beharko dute ekoizleek. Diruz lagundutako gidoien errealizazioa bermatu nahi dute horrela, gidoilariak neurri horrekin zalantzak dituzten arren.

Orotara zortzi laguntza emango dituzte: 13.300 euroko sei laguntza profesional (30 urtetik gorako lagunentzat ala zinema-areto komertzialetan erakusteko film luzeren batean gidoilari agertu diren gidoilarientzat), eta 10.100 euroko bi laguntza (30 urtetik beherako gazteentzat). Erdiak gaztelaniazkoak izan beharko dira, eta beste erdiak euskarazkoak.

Deialdira lanak aurkezteko azken eguna irailaren 14a izango da, eta eskatzaileek beren ibilbide artistikoa, gidoiaren sinposia, tratamendua, elkarrizketa duen eszena bat, azalpen memoria, eta beste hainbat agiri aurkeztu beharko dituzte. Informazio osagarria duzue segidan.