Kritika: ‘Slava’

Slava-Poster-Irudia-Zinea-KritikaZuzendaria: Kristina Grozeva eta Petar Valchanov

Urtea: 2016

Herrialdea: Bulgaria

Tzanko Petrov, ez al duzu ulertzen zure Bulgaria desagertzen ari dela? Europa etorri da zure nortasuna ezabatzeko asmoz. Denborak ez du barkatzen, jarraitu zure ordulariari giltza ematen, denbora neurtzeko zure modua baliotsua delako oso.

Bulgariaren erakusle; zaharra, ttattarra, traketsa, hitz-totela, Tzanko. Zure mundua ulertzeko modua beste garai batekoa da. Giltza ematen diozu zure ordulari zaharkitu horri, egunero, denbora zaharra bizirik mantendu nahian. Eman giltza egunero zure nortasunak biziraun dezan, ez da hain erraza, ordea.

Europa azaldu da, arau eta egitura berriekin, eta ez zaituzte gehiago behar. Iragana zara Tzanko, trena aurrera doa eta zu geltokian utzi nahi zaituzte, onartu nahi ez duten errealitate baten parte zara, Bulgariaren arima, herrialdearen nolakotasun eta berezitasun guztien adierazlea. Alde itsusiena, eta zintzoena, baina zaharkituta geratu zara zure ordulari horrekin. Europak beste garai batzuk bizi ditu, ordulariek ez dute giltzarik behar honezkero.

Bulgariak tradizioaren eta modernitatearen artean bizi duen gatazka irudikatuko du filmak. Nortasunaren funtsak gauza txikietan bizirik jarraitzen duela erakutsi nahiko digu, eta nortasun horrek badituela alde ederragoak eta zatarragoak, baina guztiak nortasunaren parte direla. Europar Batasunarekin batzeak aldaketa nabarmenak eragin ditu herrialdean, eta ondorioz, gizartean. Aldaketak zailak dira, baita aldaketetatik eratorritako galderak ere. Nortasunaren zein zati gorde nahi dugu? Eta zein baztertu? Zer gorde, zer ahaztu? Aldaketak beti dira gatazkatsuak beldurrak azaleratzen dituztelako, eta are gehiago, aldaketak kanpotik inposatutakoak badira. Aldaketok eraso gisa identifikatu ditzakegu, bereziki, gure nortasunaren nolakotasunak ulertzen ez dituen kanpo eragile batek nor garen eta nola jokatu behar dugun erabakitzen duenean.

Zintaren ardatza Tzanko eta Julia dira, elkar ez ulertzera kondenatutako bi errealitate perpendikular. Bulgaria tradizionalaren muina irudikatuko du Tzankok, Europa berritzaile eta inposatzailearen ordezkaria izango da Julia. Eta herrialdearen nortasun-gatazka modu sinboliko bezain interesgarrian azalduko digute zuzendariek. Zintaren trama guztiz originala izan ez arren, eta istorioa iragartzeko gai izango bagara ere, erabilitako formula guztiz baliagarria da.

Istorioaren muina ordulari baten inguruan garatuko da, sinboloz eta metaforaz betetako zinta honetan. Protagonistari bere ordularia kenduko diote, baliorik gabeko zatar puska bat bailitzan, eta ordulari berri bat emango diote, digitala, garai berriekin bat egiten duen ordulari modernoa; baina ordulari berri horrek ez du gehiegi iraungo, segituan izorratuko baita.

Tzankoren munduan gauzak sakonak direla dirudi. Txiroa da, sinplea, ez dauka gauza handirik, baina zintzoa da oso, eta nor den badaki. Juliaren munduan, berriz, gauzak itxuraren arabera neurtzen dira, argazkiak baino ez du axola, kanpo itxurak, eta nola ez, argazkian planotik kanpo gauza asko utzi ohi dira. Bulgariak, dirudienez, alde itsusi asko omen dituelako, edo hala dirudi filmean. “Bandera trapu bat da haizerik ez badabil” esaten zuen Dut taldeak bere abestietako batean, bai, eta filmean ere horrela irudikatuko da une batean, planoetako batean, Europar Batasuneko banderarekin lotsak estaltzen dituen Julia topatuko dugunean. Zer da Europar Batasuna? Trapu bat, bandera bat, edo lotsak ezkutatzeko balio digun oihal puska bat?