Nazioarteko merkatu eta azoketan parte hartzeko diru-laguntza deialdia zabaldu du Etxeparek

Etxepare Euskal Institutuak ikus-entzunezko, arte eszenikoetako eta musikako merkatuetan eta azoketan euskal sorkuntzak zabaltzera joandakok profesionalak laguntzeko aurtengo diru-laguntza deialdia zabaldu du. Eskaerak aurkezteko azken eguna irailaren 20a izango da.

Basque-Audiovisual-Laguntza-Etxepare-Zinea

Euskal kultura Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo sustatzeko eta hedatzeko ardura du Etxepare Euskal Insititutuak, eta hori dela eta, musikaren, arte eszenikoen, ikusizko arteen, zinemaren, arktitekturaren eta diseinuaren alorretako euskal sorkuntzak gure mugetatik kanpo zabaltzera joandako sortzaileak laguntzeko programak eskaintzen ditu, baita diru-laguntzak ere, bidaiak eragindako gastuak estaltzeko.

Bada, kasu honetan, musikaren, arte eszenikoen eta ikus-entzunezkoen sektoreetako profesionalei zuzendutako deialdia zabaldu du, eta irailaren 20ra arte luzatuko da eskaerak aurkezteko epea.

Ikus-entzunezko atalari dagokionez, 45.000 euroko aurrekontua dute, baina eskatzaile bakoitzak ezingo du 2.250 eurotik gora jaso. Taldeko edo enpresako ordezkarien joan-etorriak, ostatua, dietak, stand-aren alokairua eta azoketan akreditatzeko edo instalatzeko gastuak hartuko dituzte kontuan.

Informazio osagarria eta eskaera egiterakoan aurkeztu beharreko dokumentazioaren inguruko datuak Etxepare Euskal Institutuaren webgunean topatuko dituzue.