Jaurlaritzak ikus-entzunezko proiektuen garapenerako laguntza deialdia zabaldu du

Hilabete hasieran zabaldu zuen Eusko Jaurlaritzak filmen ekoizpenera bideratutako diru-laguntza deialdi berria, ekainean iragarritako aldaketak zituen lehena, eta joan den astean, aldiz, ikus-entzunezko proiektuen garapenerako deialdia kaleratu zuen. Eskaerak aurkezteko azken eguna irailaren 18a izango da.

Jaurlaritza-laguntzak-garapena-Zinea

Eusko Jaurlaritzak 300.000 euro (iazko deialdian baino 200.000 euro gehiago) bideratuko ditu 2017an zinemarako proiektuen, telebistarako egitasmoen eta multimedia-ekoizpenen garapena laguntzera, eta proiektu bakoitzak jasotako kopuruaren % 45 gidoiaren garapenera bideratu beharko du. Horiek dira deialdi berriaren aldaketa nagusienak, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikarako Sailak, gidoigileekin eta ekoizleek izandako elkarrizketetatik abiatuta, iragan ekainean iragarritakoak.

Helburu nagusia lagundutako proiektuak aurrera aterako direla bermatzea da, eta horretarako, gidoien sorkuntzarako laguntza murriztu badute ere, proiektuen garapenera zuzendutakoa indartzea ebatzi dute.

Deialdi berria uztailaren 19an argitaratu zuten, eta eskatzaileek irailaren 18ra arteko epea izango dute haien proiektuak aurkezteko. Bakoitzak, gehienez, 25.000 euroko laguntza jaso ahal izango du, edo aurrekontuan ageri diren gastuen % 50 (gastu horiek, era berean, ezingo dute ekoizpenari dagokion aurrekontu osoaren % 20 gainditu).

Deialdira 50 minutu baino gehiago irauten duten fikziozko edo animaziozko lanak zein sortze dokumentalak aurkeztu ahal izango dira, zinemarako nahiz telebistarako proiektuak izan daitezke, eta baita multimedia-lanak ere, baldin eta eduki artistiko ala kulturalak badituzte; aldiz, film laburrak deialditik kanpo geratuko dira.

Aurkeztu beharreko agiriak eta deialdiaren oinarriak ezagutzeko, sartu uztailaren 12ko Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren aginduan.