Abian da Nafarroa Zinemaren Lurraldea ekimenaren bosgarren edizioa

Nafarroako Erresuma Turismo sailak eta Navarra Film Commissionek antolatutako Nafarroa Zinemaren Lurraldea ekimenaren bosgarren ediziora gidoiak bidaltzeko deialdia zabaldu dute. Lurraldeko turismoa sustatzea eta Nafarroa errodajeetarako plato gisa indartzea ditu helburu deialdiak, eta lanak bidaltzeko azken eguna irailaren 15a izango da.

Nafarroa-Zinemaren-Lurraldea-Zinea-02Iruñeko Baluarten egindako agerraldian aurkeztu dituzte, aste honetan, Nafarroa Zinemaren Lurraldea ekimenaren bosgarren edizioaren xehetasunak. Izan ere, klima-, paisaia- eta kultura-aniztasuna dira lurraldearen ezaugarri nagusiak, eta horrek fikziozko filmak zein dokumentalak errodatzeko toki interesgarri bilakatzen du Nafarroa, aukera ugari eskaintzen dituelako.

Aurtengoan zortzi udalerrik hartuko dute parte deialdian: Fiterok, Irantzuk, Olitek, Zangozak, Urdazubik, Tuterak, Vianak eta Iruñeak. Parte hartzaileek udalerri horietako bat aukeratu beharko dute film laburrak errodatzeko, eta antolatzaileek zerrendatutako eszenatoki zehatzetan grabatu.

Uneotan gidoiak bidaltzeko deialdia zabaldu dute. Hamar minutuko iraupena izan beharko dute, gaia librea da, eta hautatutako lekua traman nola txertatzen dute baloratuko du epaimahaiak. Lanak aurkezteko azken eguna irailaren 15a izango da.

Jasotako proposamenen artean, hautespen batzordeak hamar proiektu hautatuko ditu, eta aukeratuek bi hilabete eta erdi izango dituzte, azaroaren 30era arte, lanak errodatu eta aurkezteko. Antolatzaileek lau lagunentzako egonaldia ordainduko diete, errodajea errazteko.

Azkenik, abenduaren 11tik 17ra Nafarroako hainbat aretotan eskainiko dituzte filmak, eta hilaren 21ean, azkenik, sari banaketa ekitaldia egingo dute. Orotara bost sari nagusi banatuko dituzte: 2.500 euroko lehen saria, 1.000 euroko bigarren saria, argazki onenaren 500 euroko saria, ikusleen 500 euroko saria, eta epaimahaiaren 500 euroko sari berezia. Gainera, aurten aurrenekoz, antzezpen onenaren 100 euroko saria emango dute. Animatu!