Sieranevada
Cannesko zinema jaialdian lehiatu zen iaz Cristin Puiu errumaniarraren familia giroko drama, eta Chicagoko jaialdian film onenaren garaikurra eskuratu zuen. Filmeko protagonista 40 urteko Lary sendagilea da. Charlie Hebdo aldizkariaren aurkako atentatuaren ostean, eta aita hil zenetik 40 egun igaro direnean, asteburua familiarekin igarotzera joango da. Baina agurra ez da espero bezalakoa izango, eta Laryk bere beldurrei eta iraganari aurre egin beharko die. Mimi Branescu, Bogdan Dumiltrache, Catalina Moga, Dana Dogaru eta Petra Kurtela aktoreek hartu dute parte, besteak beste, proiektuan.
Kedi
Istanbulen, Ekialdea eta Mendebaldea banatzen dituen 15 milioi biztanleko hirian, milaka katu bizi dira noraezean; ez dira kaleko animaliak, ezta etxekoak ere. Baina bertako biztanleen isla dira. Halaxe uste du, behintzat, Ceyda Torun zinegileak, eta Istanbulgo zazpi katuri buruzko dokumental berezi eta ederra osatu du.
Omor shakhsiya (Asuntos de familia)
Nazareten bizi diren bi agureren istorioa da Maha Haj zinegile israeldarrak zuzendutako lehen film luzea, iaz Cannesko Un Certain Regard sailean aurkeztu zuen lana. Hiru seme-alaba dituzte, haietako bat Ramalan eta bestea Suedian, eta burua galdu duen amona. Haien egunerokoari buruzko erretratua egin du zinegileak, umorea erabiliz eta goxotasun handiz.
Dunkirk (Dunkerque)
Christopher Nolan zinegilearen berrienak II. Mundu Gerrako Frantziara eramango gaitu. 1940an, naziek herrialdea hartu zutenean, 400.000 soldadu britainiarrek sorterrira itzultzeko ahalegina egin zuten, eta Frantzia iparraldeko Dunkirk herrira joan ziren, bertatik etxerako bidaia egiteko. Baina naziek itsasontziak bonbardatzeari ekin zioten, itzulera ekidin eta ahal beste soldadurekin akabatzeko, eta Erresuma Batutik laguntza bidali zuten. Proiektuarekin egin dute bat Fionn Whitehead, Tom Hardy, Cillian Murphy, Mark Rylance eta beste hainbat gizonezko aktore ezagunek. Nazioarteko aldizkariek oso kritika onak egin dizkiote.
Inseparables
2011n sekulako arrakasta izan zuen Olivier Nakache eta Eric Toledanok zuzendutako Intouchables film frantziarrak; bada, Marcos Carnavale zinegile argentinarrak zuzendutako Inseparables filmaren remake-a da. Kasu honetan, Felipe enpresari aberatsa da, eta istripu baten ondorioz tetraplegiko geratu da; laguntzaile bat behar du, eta hautagai guztiak baztertuta, bere lorezainaren laguntzaile Tito aukeratuko du. Titok ez du prestakuntzarik postu hori betetzeko, baina Feliperentzat, errukirik gabe tratatuko duen pertsona bakarra izango da, eta hori asko gustatuko zaio. Oscar Martínez eta Rodrigo de la Serna dira filmeko aktore nagusiak.
Todo sobre el asado
Eta Argentinatik, baita ere, helduko zaigu asado edo errekiari buruzko dokumentala. Mariano Cohn eta Gastón Duprat herrialdeko errito gastronomikoa denaren inguruko xehetasunak biltzen ahalegindu dira, asado primitiboa, garaikidea, basatia, dotorea… guztiak! Ia sakratua den ohitura ikuspegi ezberdin batetik landuko du. Iaz Donostia Zinemaldiko Culinary Zinema sailean aurkeztu zuten dokumentala.
47 Meters Down (A 47 metros)
Mandy Moore eta Claire Holt aktoreek Mexikora oporretan joango diren bi ahizparen paperak antzeztuko dituzte Johannes Robertsen 47 Meters Down thrillerrean. Marrazoekin urperatuko dira, eta bat batean, kaiola itsasontzira lotzen duen katea hautsi egingo da. Hala, 47 metroko sakoneran harrapatuta geratuko dira, eta oxigenoa amaitzen joango da pixkanaka. Marrazo zuriz inguratuta, ezingo dute laguntzarik eskatu.
Rough Night (Una noche fuera de control)
The Hangover (Todd Phillips, 2009) filmak zabaldutako bidea jarraitu du Lucia Anielloren Rough Night komedia zoroak. Scarlett Johansson, Kate McKinnon, Zoë Kravitz, Demi Moore eta Hollywoodeko hainbat emakumezko aktore ezagun bildu ditu zintak; aspaldiko lagunak izango dira filmean, elkarrekin parranda ugari egindakoak, eta haietako bati ezkondu aurreko agurra egiteko elkartuko dira. Baina festak kontrola galduko du streiper-a nahi gabe hilko dutenean.
Viceroy’s House (El último virrey de la India)
1947an Lord Mountbattenek Indiako azken erregeorde kargua onartu zuen, boterea herritarrei emateko mandatua betetzeko. Testuingurua oso berezia zen, jauregiko goiko solairuan gobernari britainiarrak bizi ziren bitartean, beheko solairuan 500dik gora morroi eta neskame hindu, musulman eta sij zeudelako. Erresuma Batutik helduko da Gurinder Chadha zinegilearen proiektu berria.
Wish Upon (Siete deseos)
Hamazazpi urteko gazte batek botere magikoak dituen kutxa bat aurkituko du, baina hura erabiltzeagatik ondorio odoltsu eta gogorrak jasan beharko ditu. John R. Leonettik aurkeztu du fantasia eta beldurra uztartzen dituen lana.