‘Errepidez errepide’ zikloa, udako ostiraletan Tabakaleran

Donostiako Tabakalerak, UD-HA programaren barruan, zinemari eskainitako Errepidez errepide zikloa prestatu du uztail eta abuztuko ostiraletarako. Hala, 22:15ean hasita, road movie generoko filmak eskainiko dituzte eraikinaren terrazan. Sarrera doakoa da leku guztiak bete arte.

Errepidez-Errepide-Tabakalera-Zinea

Errepideak bidaiekin, oporrekin, amaierarik gabeko bideekin… lotzen ditugu. Horregatik, Chiara Marañon programatzaile eta zinegileak Errepidez errepide izeneko zikloa prestatu Tabakalerako udako gauak girotzeko, eta uztailaren 14tik abuztuaren 25era, ostiralero, road movie generoko film bat eskainiko dute 22:15ean hasita.

Lehenengoa The Hitch-Hiker (Ida Lupino, 1953) izan zen, joan zen ostiralean, eta hilaren 21ean Bruno Dumont zinegile frantziarrak 2003an aurkeztu zuen Twentynine Palms drama gogorra emango dute. David argazkilaria eta Katia gaztea Kaliforniako basamortura joango dira, argazki-saio bat egiteko leku bila. Sexuak, liskarrek eta autoan noraezean egingo dituzten bidaiek hartuko dute haien egunerokoa, espero gabeko gertaera lazgarri batek astinduko dituen arte.

Datozen asteetako egutegia:

  • Uztailaren 28an, Dominga Sotomayor txiletarraren De Jueves a Domingo (2012). Hamar urteko Lucíak gurasoekin eta anaiarekin lau eguneko bidaia egingo du Txileko Santiagotik iparraldera, haurtzarotik nerabezarora.
  • Abuztuaren 4an, John Carpenterren Starman (1984). Wisconsingo alargun gazte baten eta estralurtar xalo baten arteko maitasun harreman bitxiari buruzko lana.
  • Abuztuaren 11n, D. A. Pennebaker zinegilearen Don’t Look Back (1967). Bob Dylan musikariak 1965ean Britainia Handian egin zuen biran hartutako irudiak oinarri dituen dokumentala.
  • Abuztuaren 18an, Abbas Kiarostamiren Ta’m e guilass (El sabor de las cerezas, 1997). Bere buruaz beste egin nahi duen gizon bat da filmeko protagonista; bere asmoa burutzen eta gorpua lurperatzen lagunduko dion norbaiten bila abiatuko da autoan, eta hala, jende ugari ezagutuko du.
  • Abuztuaren 25ean, Fernando Eimbcke mexikarraren Lake Tahoe (2008). Hamasei urteko Juan gazteak istripu txiki bat izango du bere Nissan gorriarekin, eta hura konpontzea izango du helburu.