Ikusgarritasun mugatua duten zinemagintza txikien inguruko interesa sustatzeko eta horien inguruan lan egiten duten ikerlariak biltzeko asmoz sortu zuten 2010ean Zinema Txikien Nazioarteko Kongresua. Zortzigarren edizioa Euskal Herriko Unibertsitateko Ikus-entzunezko Komunikazio eta Publizitate Sailak antolatuko du, eta Aniztasun Glokala: Hizkuntza, Kultura, Identitatea izenburua izango du. Irailaren 20tik 22ra egingo dute Bilbon eta Donostian.

SmallCinemasConference-03-Zinea

Orain arte, Kanadan, AEBetan, Errumanian, Brasilen, Lituanian, Maltan eta Polonian egin dute, eta zortzigarren edizioa Bilbon (irailaren 20an eta 21ean) eta Donostian (irailaren 22an, goizez) egingo dute. EHU arduratuko da kongresuaren antolaketaz, eta lantaldean dira, besteak beste, Katixa Agirre, Itxaso del Castillo, Marijo Deogracias, Iratxe Fresneda, Marian Gonzalez, Andoni Iturbe,  Miren Manias, Josu Martinez, Aida Vallejo eta Amaia Nerekan EHUko Ikus-entzunezko Komunikazio eta Publizitate Saileko irakasle eta ikerlariak.

Nazioarteko ikerlarien komunikazioak jasotzeko epea apirilaren 30era arte egon zen zabalik. Landu beharreko gaiak, besteak beste, zinema glokalen teoria, hizkuntza aniztasuna, aniztasunaren errepresentazioa zinema glokalean eta bestelako zinemak ziren, eta jasotako proposamen guztien artean, hainbat hautatuko dituzte kongresuan parte hartzeko; abuztuaren hasieran jakinaraziko dute egitarau zehatza.

Azken batean, ekimenaren helburua zinema glokala kontzeptuaren inguruko eztabaida sortzea da, tokian tokiko hizkuntzan errodatzen den eta modu lokalean ulertzen den arren, audientzia globalari helarazten zaion zinema mota horren inguruan hausnartzea. Azken hamarkadetan globalizazioaren eta mugimendu lokal/etnikoen adar kontrajarriak garatu dira, eta estudio handiak kontrolpean duten merkatuaren aurrean, kultura eta hizkuntza aniztasuna glokal zinemaren bidez bermatu daitekeela uste dute antolatzaileek.

Hizlari nagusiak:

  • Margarita Ledo Ikus-entzunezko Komunikazioan irakaslea eta Estudos Audiovisuais Comunicación Audiovisual: Contidos, formatos e Tecnoloxía ikerketaren burua. Rethinking diversity: cinema in non-hegemonic languages as a symptom hitzaldia eskainiko du.
  • Ib Bondebjerg Kopenhageko Unibertsitateko Medioak, Ezagutza eta Komunikazioa saileko iragarle emeritoa. Globalisation, Multicultural Reality and the Creative Diversity of Scandinavian Cinema mintzaldia eskainiko du.

SmallCinemasConference-04-Zinea

Kongresua irailaren 20tik 22ra luzatuko da, eta Bilbon eta Donostian egingo dituzte saioak. Informazio gehiago behar izanez gero, sartu EHUren atarian.