Urtea: 2017
Herrialdea: Euskal Herria
Batzuetan hitzak soberan daudelako, eta benetan azaldu nahi denak ez duelako hitzik behar, isiltasunean zentzumenak zorrozten zaizkigulako.
Joan den larunbatean Demetrio Elorz zuzendariaren film labur berria ikusteko aukera izan nuen Donostiako Trueba zineman, 8 minutu eta 32 segundoko eztanda. Batzuetan horrekin nahikoa delako, film laburren generoa goraipatu nahiko nuke, zinemaren anaia txikitzat jotzen baita. Baina esan bezala, gauzak ez dira zertan bere tamainagatik neurtu behar, gauza txikiak baliotsuak izan daitezkeelako, eta sintesi-gaitasuna benetan harrigarria izan daitekeelako kasu askotan, Versus laburrean bezala.
Mezuek batzuetan ez dute zertan garapen handirik behar, zuzenak eta sintetikoak direnean, eztanda baten modukoak, ukabilkada baten gisakoak, jipoi bat bezalakoak, horrelakoa da Versus. Hasi bezain laster joko-zelaian kokatuko gaitu zuzendariak, agertokia erakutsi, pertsonaiak eta jokoaren arauak zeintzuk diren azalduko digu, labur, eta une horretatik aurrera lehia hasiko da, eta zorabiatzeko moduko erritmoa jarraituko du kamerak. Jokoan sartuko gaitu, tenka eta lehiaren bortizkeriaren partaide egingo gaitu, hurrengo kolpea saihestu eta kolpatuak izan aurretik, azken zartakoa guk eman dezagun.
Kodearen arauak zeintzuk diren erakutsiko digu, eta kode horretara lotuko gaitu, guztiok arauen menpe gaudela modu burutsuan adieraziz. Noiz, non eta nola, eskatzen diguten bezala egingo dugu guk ere, eta denok jarraituko diogu korronteari, artaldeen modura, edo, kasu honetan, uholdeari, bortxa eta indarkeria gure egunerokotasunean guztiz barneratuta daudela salatuz, kodean dagoelako gakoa, lengoaian, testuinguruan.
Zortzi minutu eta 32 segundotan abilak izan beharko dugu jokotik osorik atera nahi badugu. Joko honetan ez duelako berdinketak balio, irabazi ala galdu egin beharko dugulako ikuslegoaren gosea asetzeko. Horrela egiten saiatuko dira Eneko Sagardoy eta Koldo Olabarri, haien paperetan guztiz sartuta, irtenbiderik ez balute bezala, azken izerdiraino deman.
Sintesi gaitasuna aipatu dut, eta hala da, film labur honetan irudiek esanahi handia dutelako, argazkia ikaragarria da, soinuaz zer esanik ez, eta erritmoa, lau pausoko dantza mugimendu bortitza. Ikonografiaz eta sinbolismoaz baliatuta, gizarte mediatizatuaren kritika egingo du Asier Altuna zuzendariaren ekoizpenetan trebatutako zinegileak. Altunaren ikusmolde bereziaz busti da Elorz, Versus laburrean agerikoa den bezala.
Bejondeiola zuzendariari. Horrelako lanak egiten jarraitzearen aldeko apustua egingo dut. Hordago txikira, labur honetan bezala, eta etorkizunean ikustea espero dudan film luzearen alde, hordago handira.