Zuzendari Berriak saileko lehen hamahiru lanak aurkeztu dituzte

65. Donostia Zinemaldian lehiatuko diren filmen berri ematen hasi dira antolatzaileak, eta gaur bertan, uztailak 18, agerraldia egin dute Jose Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiko zuzendariak eta Ander Aizpurua Kutxabank Gipuzkoa Sarearen zuzendariak; Kutxabank-Zuzendari Berriak sailean eskainiko dituzten lanetako hamahiruren izenburuak eman dituzte aditzera. Datozen asteetan jakinaraziko dituzte saila osatuko duten gainerako filmen izenak.

Zuzendari-Berriak-65-Zinea

Europako, Asiako eta Latinoamerikako zinemagintzak ordezkaritza izango du 65. Donostia Zinemaldiko Zuzendari Berriak sailean, hamabi herrialdetatik etorritako hamahiru zinegilek (oraingoz) beren lehen ala bigarren filmak aurkeztuko baitituzte epaimahaiaren eta ikuslego orokorraren aurrean.

Haietako hainbatek, hala nola, Jens Assur argazkilari eta zinemagile suediar ezagunak, Gilles Coulier zuzendari eta gidoilari belgikarrak, edota Laura Mora zuzendari kolonbiarrak, dozenaka sari jaso dituzten film laburrak osatu dituzte aurretik, eta badira orain arte film luzerik osatu ez duten arren, hainbat alorretan nabarmendu diren lagunak ere, tartean, Wang Feifei Txinako Zinema Independentearen Jaialdiko komisarioa eta Nicolás Combarro artista galiziar ezaguna.

Zinemaldiak talentu zinematografiko berrien aldeko apustua egin nahi du, eta Zuzendari Berriak sailaren bidez, nazioarteko ibilbidea ekiten laguntzen die bertan aurkeztutako proiektuen egileei. Kutxabank-Zuzendari Berriak saria nazioarteko epaimahai batek ematen du, eta 50.000 euroko balioa du; zuzendariak eta filmaren espainiako banatzaileak jasotzen dute.

Jarraian lehen hamahiru filmen inguruko xehetasunak:

  • A Fish Out of Water (Lai Kuo-An, Taiwan)

Yian haurtzaindegira joaten hasi da, eta gurasoei aurreko bizitzan izandako gurasoak topatzen laguntzeko eskatuko die.

  • Alberto García-Alix. La línea de la sombra (Nicolás Combarro, Espainia)

Alberto García-Alix argazkilari espainiar ezagunaren inguruko erretratua, artistaren argi-ilunak erakusten dituena.

  • Blue my Mind (Lisa Brühlmann, Suitza)

Udako oporren aurretik, hamabost urteko Mia gaztea Zuricheko aldirietara joango da bizitzera gurasoekin. Haiekin duen harremana hoztu egin da, eta adoptatu ote zuten galdetuko dio amari; honek ez dio erantzungo.

  • Cargo (Gilles Coulier, Belgika-Herbehereak-Frantzia)

Ipar Itsasoko ur hotzetan, Leon Broucke arrantzontzitik eroriko da Jean seme zaharrenaren aurrean. Agurea koma sakonean murgilduko da, eta semearen gain utziko du zor itzel baten eta familiako negozioaren erantzukizuna.

  • He ri jun zai lai / From Where We’ve Fallen (Wang Feifei, Txina)

Hainbat pertsonaren arteko harremanak eta loturak aztertuko dituen drama txinatarra.

  • Korparna / Ravens (Jens Assur, Suedia)

Eguneroko borrokarekin nekatuta, baserriaren ardura semeari utzi nahiko dio nekazari batek, eta bere legatua iraunarazteko aginduko dio.

  • Le prix du succès / The Price of Success (Teddy Lussi-Modeste, Frantzia)

Brahim komiko arrakastatsua da, baina Mourad anaia zaharraren eta Linda neska-lagunaren presiopean bizi da.

  • Le semeur / The Sower (Marine Francen, Frantzia)
  1. Violette ezkontzeko adinean dago, baina Napoleón III.ak agindutako zapalkuntza bortitzaren ondoren, ez da gizonik geratu bere herrian.
  • Matar a Jesús (Laura Mora, Kolonbia-Argentina)

Paula (22) bere aitaren hilketaren lekuko izango da. Hilabete batzuk geroago, ustekabean, Jesús ezagutuko du, eta aitaren hiltzailea dela irudituko zaio. Mora zuzendariak bizitako gertaeretan oinarritutako filma.

  • Pailalim / Underground (Daniel Palacio, Filipinak)

Bangis ehorzle behartsua hilerri bateko mausoleoan bizi da bere familiaren, baina beldur da agintariek bertatik botako ote duten.

  • Pok-ryuk-eui ssi-at / The Seeds of Violence (Lim Tae-Gue, Hego Korea)

Koreako armadan soldadutza egiten ari den Jooyong soldadua buruzagietako baten abusuak salatzen saiatuko da, baina ez du lortuko; buruzagia, baina, salaketaren egilea nor den jakiten ahaleginduko da.

  • Princesita (Marialy Rivas, Txile-Espainia-Argentina)

Hamabi urteko Tamara gaztea Miguel karismadunaren zaintzapean bizi da, eta hark zeregin bat jarriko dio neskari: elkarrekin haur saindu bat izan beharko dute, lehen hilerokoa izan orduko.

  • Tigre (Silvina Schnicer Schlieman eta Ulises Porra Guardiola, Argentina)

Urte luzez sorterritik urrun egon ondoren, Rina Tigreko Delta sakoneko uhartera helduko da. Bere bizitzaren zati handi bat eman zuen han, eta bertan hezi zuen semea. Orain etxea berreskuratu nahiko du, eta Facundorekin elkartu, hark ere irlatik alde egin baitzuen.