Isladak

Nina Simonek hala esan zuen: “Artista baten eginbeharra da garaiaren islada izatea”. Superheroi, zonbi eta fantasiaz beteriko filmen garaian, ez dirudi Simoneren esaldiarekin oso ados gaudenik. Errealitateari bizkarra eman eta mundu berriak sortzeak ikuslegoa erakartzen du, argi dago. Baina bat batean The Handmaid’s Tale (Neskamearen ipuina litzateke euskaraz) bezalako harribitxiak iristen zaizkigu. Eta iristen zaizkigula diot, telesaila aurten estreinatu delako, baina 1985ean idatzitako liburu batean dago oinarrituta.

The Handmaid’s Tale-ek unibertso distopiko batean kokatuko gaitu; egun AEB dena Gilead izeneko lurraldean bilakatu da, eta diktadura teokratiko baten menpe dago. Diktadura horretan, gizartearen ugalkortasun arazoak konpontzeko eta Bibliaren interpretazio zabal bat eginez, haurrak eduki ditzaketen emakumeak “esklabu” bezala erabiltzen dituzte izen oneko familientzat seme-alabak erditzeko. Zientzia fikziotzat hartu beharko litzateken sinopsia, ordea, ez dirudi etorkizun hurbil batetik gehiegi aldentzen denik. Haurdunaldi subrogatuaren gaia gori-gori dagoen honetan, benetako beldurra eman dit telesailak erakusten dituen hainbat gauza gerta daitezkeela pentsatzeak. AEBetan gauza bera pentsatu dute, izan ere, telesailean neskameek daramaten arropa emakumeen sexu eta ugalketa eskubideen urraketen aurkako sinbolotzat hartu dute.

Telesaileko irudi bat, neskameen arropa bereizgarriarekin.

Telesaileko irudi bat, neskameen arropa bereizgarriarekin.

Washingtonen (AEB) egindako protesta.

Washingtonen (AEB) egindako protesta.

Handmaids-Tale-03

Texasen (AEB) egindako protesta.

Ohion (AEB) egindako protesta.

Ohion (AEB) egindako protesta.

'The Handmaid's Tale' ez da argibideen gidaliburu bat.

‘The Handmaid’s Tale’ ez da argibideen gidaliburu bat.

Telesaila errealitatearen islada izateaz gain, errealitateak telesailaren indarra ere islatu du. Eta honakoa zinemari buruzko bloga denez, aitortu beharra dut telesaila zinetik hurbilago dagoela telebistatik baina. Borobila dela esango nuke. Zuzendaritza, planoen hautaketa, konposizioa, edizioa, soinu banda, gidoia, aktoreen lana. Ezin dut “baina” bakar bat ere aurkitu. Zentzumen guztiak esna mantentu dizkit, eta zinemagile bezala, ezin izan dut gehiago disfrutatu.