Euskal zinemari eskainitako zikloa, egunotan Frankfurten

Etxepare Euskal Institutuak eta Alemaniako Zinema Institutuak elkarlanean, euskal zinemari eskainitako zikloa programatu dute egunotan Frankfurteko Film Museum-en. Orotara zortzi euskal film, luze zein labur, eskainiko dituzte uztailean zehar. Gaur bertan, uztailak 18, Montxo Armendarizen 27 ordu (1986) eta Ageda Kopla Taldearen Beti Bezperako Koplak (2016) eskainiko dituzte.

Alemaniako Zinema Institutuak kudeatzen du Frankfurteko Film Museum-a; zinegileen, aktoreek, lurralde jakinetako zinemagintzaren… inguruko programak antolatu ohi dituzte hilero, eta uztailean, hain zuzen, euskal zinema izango dute aztergai, herritarren artean ezagutarazi eta zabaltzeko.

Emanaldiak hil hasieran abiatu zituzten, eta uztailaren 4an Julio Medemen Behiak (1992) eskaini zuten. Uztailaren 9an, ostera, Loreak (Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga, 2014) eta Gure Hormek (Las chicas de Pasaik, 2016) proiektatu zituzten, eta joan zen astean, hilaren 11n, Nestor Basterretxeak eta Fernando Larruquertek zuzendutako Ama Lur (1968) eta Basterretxeak berak urte batzuk lehenago errodatutako Operación H (1963) laburra izan ziren ikusgai.

Gaur, hilak 18, 27 ordu eta Beti Bezperak Koplak eskainiko dituzte 18:00etatik aurrera, eta datorren hilaren 25ean, aldiz, Oskar Alegríaren Emak Bakia Baita (2012) dokumental esperimentala eta 1927an Man Rayk osatu zuen Emak Bakia laburra emango dituzte.