Zonbi hitza erabili ez arren, eta aurretik halako izakien inguruko istorioak egin baziren ere, George A Romero (New York, 1940 – Toronto, 2017) izan zen, Night of the Living Dead (1968) zuri-beltzezko filmari esker, zonbien azpi-generoaren sortzailea. Gainera, Hollywooden nagusitasunaren garaian, aurrekontu txikiko film independenteak egin zitezkeela erakutsi zuen. Bart zendu da Toronton, 77 urterekin.
Oso gaztetatik izan zuen gustuko zinema, eta graduatu ostean, film laburrak eta telebistarako saioak filmatzen hasi zen. Hamar bat lagunekin elkartu, eta Image Ten Productions ekoizpen etxea sortu zuen 60ko hamarkadan Night of the Living Dead errodatzeko. 100.000 dolar inguruko aurrekontua zuten, eta Richard Mathesonen I Am Legend (1954) eleberrian oinarritu ziren filma osatzeko.
Istorioa Pensilvaniako herri txiki batean girotuta dago. Venus planeta ikertzen ari zen espazio-ontzi baten eraginez, hilda zeuden pertsonak esnatzen hasiko dira, eta herritarrei eraso egingo diete. Hala, zazpi laguneko taldea etxalde batean gordeko da, tartean, Duane Jones aktore afroamerikarrak gorpuztutako Ben.
Filmak zonbien azpi-generoan oinarrizkoak diren elementuak zituen, hala nola, sekula asetzen ez den zonbien odol-gosea, hozkadaren ondorengo infekzioa, kanibalismoa, indarkeria eta zonbiak hiltzeko modu zehatzak, bestela berriz ere esnatzen direlako. Horrez gain, arrazakeriaren eta Vietmango gerraren aurkako aldarria egiten zuela nabarmendu zuten hainbat adituk. 1968ko urriaren 1ean estreinatu zuten, eta pixkanaka, lurralde osora zein nazioartera zabaldu zen. Kritika gogorrak jaso zituen indarkeria esplizituki erakusten zuelako, baina era berean, ikusle andana hurbildu zen aretoetara, eta 30 milioi dolar inguruko irabaziak izan zituen mundu osoan.
Dena den, filmaren sortze prozesuan hainbat izenburu erabili zituztenez, Walter Reade Orgenization banatzaileari copyright zigilua jartzea ahaztu zitzaion azken aldaketaren ostean, eta horregatik, egun pelikula jabari publikokoa da.
Filmaren arrakastaren ostean, azpi-genero horretako beste hainbat lan zuzendu zituen Romerok, tartean, There’s Always Vanilla (1971), The Crazies (1973), Season of the Witch (1973), Down of the Dead (1978) eta The Dark Half (1993), nahiz eta ez zuten lehenak adinako arrakastarik eskuratu. Egun, kultuzko film gisa hartua da Night of the Living Dead, eta historiako film esanguratsuenen zerrendetan azaldu ohi da.
Bada, Romero atzo, uztailak 16, zendu zen Toronton.