Takeshi Kitano zinegile japoniarra, asteko protagonista BilbaoArten

Aktore zein zuzendari lanetan ederki moldatzen den Takeshi Kitano japoniarrari eskainitako zikloa ondu du BilbaoArtek aste honetako Art House Zineman eskaintzeko. Hala, uztailaren 17tik 21era, zinegilearen lau film eskainiko dituzte, bakoitza bi alditan, eta erabat doan.

Takeshi-Kitano-Zinea-Bilbaoarte-02

Kitano 1989an igaro zen kameraren aurretik atzeko aldera. Kinji Fukasaku zinegilearen Violent cop. filmean ari zen lanean, aktore nagusi moduan, baina zuzendariak errodajea utzi behar izan zuen gaixotasun larri baten ondorioz, eta Kitanok amaitu zuen proiektua.

Horren ostean, beste hainbat film zuzendu zituen, tartean, aste honetan BilbaoArten eskainiko dituzten lau lanak. Sarrera doakoa izango da lekuak bete arte, eta filmak jatorrizko bertsioan eskainiko dituzte, gaztelaniazko azpitituluekin. Akziozko zinema japoniarraz gozatzeko aukera eskainiko du zikloak.

Programazioa:

  • Hana-bi (Flores de fuego): Uztailaren 17an 19:00etan eta uztailaren 18an 17:00etan.

Nishi hondoa jo duen polizia izango da. Bere lankidea gurpildun-aulkian geratuko da istripu baten ondorioz, eta gaitz terminal bat duen emaztea dela-eta zorpetuta dagoenez, mailegu bat eskatu beharko dio ordura arte aurkari izan duen yakuzari (talde mafiosoari).

  • Kikujiro no natsu (El verano de Kikujiro): Uztailaren 18an 19:00etan eta uztailaren 19an 16:30ean

Sei urteko Masao gazteak ezagutzen ez duen amaren bila abiatzea erabakiko du, yakuza izandako eta egun jarduera horiek alboratu dituen Kikujiro bizilagunarekin batera.

  • Autoreiji (Outrage): Uztailaren 19an 19:00etan eta uztailaren 20an 17:00etan

Otomo yakuzak taldearen liderren mailara heldu nahiko du, eta horretarako ez du inolako mugarik izango.

  • Autoreiji Biyondo (Outrage 2): Uztailaren 20an 19:00etan eta uztailaren 21ean 17:00etan

Otomo espetxetik irtengo da bost urteren ostean, eta traizio egin zioten Kato eta Ishihara buruen aurka mendeko hartu nahiko du.