Jon Garaño eta Aitor Arregi Migel Joakin Eleizegi ‘Altzoko Handia’-ren bizitzari buruzko filma osatzen ari dira. Lana posprodukzio fasean dago, berriki soinu banda grabatzen izan baitira Bratislavan Pascal Gaignerekin, eta aste honetan bi berri garrantzitsu jakinarazi dituzte: batetik, filmaren estreinaldi-data, urriaren 20a. Eta bestetik, izenburuak izandako aldaketa, aurrerantzean Handia izango baita (Aundiya beharrean).

Aundiya-Zinea-eu

2016ko apiriletik ekainera luzatu zen errodajea, zortzi astez, eta Euskal Herriko dozenaka txokotan aritu zen lanean ehundik gora lagunek osatutako lan-taldea: Bilbon, Donostian, Gasteizen, Durangon, Baionan, Miarritzen, Itsason, Beizaman, Altzon, Tolosan, Artikutzan, Hondarribian… eta abar luze bat. Aktore nagusien artean dira Eneko Sagardoy, Joseba Usabiaga, Iñigo Aranburu, Ramon Agirre eta Aia Kruse, baina beste dozenaka figurantek hartu dute parte XIX. mendean girotutako draman.

Filmak, izan ere, Migel Joakin Eleizegi altzotarraren historia kontatuko du. 1818an, 20 urte zituela, etenik gabe hazten hasi zen gaitz baten eraginez, eta 2,42 metro luze izatera heldu zen. Garai hartan, Europako gizonik garaiena zen, eta herrialdez herrialde ibili zen biran, erakustaldi modukoak egiten. Dena den, Aundiyaren bizitzan ez ezik, Martin anaiarekin zuen harremanean ere sakondu nahi izan dute. Bitxikeria moduan, hastapenetan, haurrentzako animaziozko filma osatzea zuten helburu.

Bada, lanari Aundiya behin-behineko izenburua jarri zioten proiektua abiatzerako unean, garaiko hainbat agiritan ageri den izen komertzaiala zelako. Altzon, ordea, ez dute horrela ahoskatzen, kostaldeko herrietan baizik. Eta gaiaren inguruan asko hausnartu ostean, azkenik, Handia jartzea erabaki dutela iragarri zuen atzo, uztailak 13, Garañok.

Aste honetan bertan jakin dugu, halaber, filma urriaren 20an helduko dela zinema aretoetara, eta irudia ere berriki kaleratu dute.

Ekoizpena

Filma Moriarti Produkzioak, Kowalski Films, Irusoin eta Aundiya Film A.I.E.ren artean ekoitzi dute, eta zuzendariak Garaño eta Arregi badira ere, gidoiaren idazketan Jose Mari Goenagak ere hartu du parte. Filmak hainbat zailtasun tekniko izan ditu, besteak beste, XIX. mendean girotuta dagoelako eta aktore nagusia bi metroko gizon garaia bihurtu behar izan dutelako.

Hiru milioitik gorako aurrekontua du, eta euskaraz egindako film garestienen artean dago. Proiektua babestu dute, besteak beste, EiTBk, TVEk, Eusko Jaurlaritzak eta ICAAk.