Jump in the (transmedia) line

Behin batean, bi Adimen Artifizial hizketan jarri zituzten euren sortzaileek, esperimentu gisa. Orduan, bi I.A horiek hizkuntza propioa sortzeari ekin zioten. Euren sortzaileentzat ulergaitza zen meta-hizkuntza hura. “Zergatik eta zertarako?”, galdetzen zieten euren buruei ingeniariek, Prometeoren su binarioaren eramaileak. Shelleyren munstruoak eta Miltonen Paradisu Galduko heroiak egin zuten bezala, euren sortzaileen aurka egiteko agian? “Gure kontra konspiratzen ari dira?”, galdetzen zioten elkarri, guztiz arduratuta.

Baina benetako gertaera izan al zen hura? Ala zientzia-fikzio distopikoaren adibide birziklatua besterik ez? Errealitate fisikoa edo fizkio onirikoa? Noski, istorio hori benetan gertatu zen, Facebookeko ingeniariei gertatu zitzaien, hain zuzen ere,  eta “arazo” horren aurrean, esperimentua bertan behera uztea erabaki zuten. Baina “arazoa” arazo al zen benetan? Beldurrak eta mesfidantzak benetako funtsa ote zuten? Nondik zetorren, bada, mesfidantza hori? Gure narrazio-imaginariotik, agian, ala fikziotik beharbada?

Eta hau hasiera besterik ez da. Errealitate birtualak, errealitate areagotuak, hologramek, Smart City egitasmoek, domotikak eta ChatBoten garapenak fikzioa vs errealitea dikotomia klasikoaren inguruko argudioak txikituko dituzte. Teknologia horiek guztiak era transmediatikoan lotuko dira eta sistema narratiboak eraikiko dituzte, gizabanako bakoitzak bere abentura bizi dezan, protagonista gisara. Erabateko murgiltzearen bidea jarraitzen hasi gara, eta idazle, gidoilari eta istorio-arkitektoek fikzio/errealitate muga fin horren gainean lan egin beharko dute, batetik bestera salto eginez. Baina hori ez al da istorio sortzaileen  ametsa? Errealitate zurruna, istorio malguen bitartez zulatzea?