XX. mendeko gatazka traumatikoen inguruko lantegia, Tabakaleran

Uztailaren 18tik 21era, asteartetik ostiralera, Izuaren ondorengo irudia izaneko lantegia eskainiko dute doan Tabakalerako Ubik sorkuntza liburutegian. Goizeko 10:30etik 13:30era luzatuko dira saioak, eta Mikel Zatarain gidoilari eta errealizadoreak gidatuko ditu. XX. mendeko gatazka traumatikoak berrikusteko, zineak auzi horiek nola erretratatu dituen aztertuko dute parte hartzaileek.

Tabakalera-Lantegia-Izua-Zinea

“Orain, zer egingo dut nire begiekin? Indarkeriaren ondoren, hori da, hain zuzen, funtsezko galdera etikoa. Une horretatik aurrera, nola begiratu, gogoratu eta kontatu behar dugu biktimak aintzatesteko, indarkeriari zilegitasuna kentzeko eta bizikidetzan bizitzeko?”. Galdera horietatik abiatuko da datozen egunetan Tabakaleran eskainiko duten pentsamendu-lantegia.

Hiru ardatz izango ditu: estetika, memoria eta identitatea. Eta egile garrantzitsuen zinema-aipuetatik abiatuta, filmetako pasarteak eta haien forma eta edukiak aztertuko dituzte. Dena den, tailerrak ikus-entzunezko proiektu dokumental bat egiteko aukera ere eskainiko die parte hartzaileei, eta bestearen erretratua egiten ahalegindu beharko dira.

Ikastaroa euskaraz eta gaztelaniaz izango da, eta hamasei urtetik gorako lagunek eman dezakete izena. Doako lantegia da, eta saioak goizetan egingo dituzte, 10:30etik 13:30era. Izena eman nahi baduzu, jarraitu ondorengo lotura.