Vanesa Fernández Guerra izango da Zinebi jaialdiko zuzendari berria

Datorren urtarrilaren 1etik aurrera, hemezortzi urtez burutu duen kargutik erretiratuko da Ernesto del Río, eta une horretatik aurrera, Vanesa Fernández Guerra (Durango, 1980) izango da Zinebi Nazioarteko Dokumentalen eta Film Laburren Jaialdiko zuzendaria. Ikus-entzunezko Komunikazioan doktorea eta EHUko irakaslea da Fernández Guerra.

Vanesa-Fernandez-Zinebi-Zinea

Zinebi jaialdiaren 59. edizioa azaroaren 10etik 17ra egingo dute, eta lanak aurkezteko epea uztailaren 15ean amaituko da. Dokumentalen eta film laburren estatuko jaialdirik zaharrena da, eta Europa maila erreferentziazko topaleku bihurtu da azken urteetako garapenari eta zabalkundeari esker.

Bada, hemezortzi urteren ostean, Del Ríok zuzendaritza uzteko asmoa iragarri zuen, eta Bilboko Udalak lan-eskaintza publikoa deitu zuen ordezkoa bilatzeko. Aukeraketa prozesuan Fernández Guerraren aldeko hautua egin dute. Izan ere, jaialdiarekin lankidetzan aritu da azken urteetan, besteak beste, film laburrak aukeratzeko batzordeko kidea izan baita, eta Zinebi First Film lehiaketaren eta Beautiful DOCS zikloaren programazioz arduratu da.

Ikus-entzunezkoen Komunikazioan lizentziatua da, eta Dokumentalen eta Ikus-entzunezkoen Idazketan espezialista. EHUko, Bartzelonako UABeko eta EiTB taldeko zenbait gradu eta masterretako kudeaketa-lanak egiten ditu, eta egun Espainiako zine dokumentalari buruzko diziplina anitzeko Territorios y Fronteras. Research on Documentary Filmmaking proiektuaren koordinatzailea da.