Kritika: ‘Colossal’

Colossal-Zinea-Kritika-Mikel-Zumeta-PosterZuzendaria: Nacho Vigalondo

Urtea: 2016

Herrialdea: AEB

Zaila da, bai, dirudiena baina zailagoa, agur esatea. Eta ez dakit zergatik kostatzen zaigun ohitura txarrak alde batera uztea, baina hala izaten da. Borroka egiten dugu, etengabean, norabiderik gabeko joko zelaietan, xake tauletan, umetako jolas parkeetan.

Zaila egin zait, baita ere, Colossal filmean sartzea, kostata egin dut, kolpeka, boxeo izarren antzera, lehenengo ukabilkadarekin ez da nahikoa izan, ezta bigarrenarekin ere. Baina Nacho Vigalondoren film berriak, aurrera egin ahala, ni birrintzea lortu du, eta Anne Hathawayrekin bat egin dut, lotsarik gabe, zorionez, galtzaile bat izatera iritsi naizela onartuta. Ondorio latzenetara ez garelako hala nola iristen, behin eta berriro oztopo beraren kontra gogor egin ondoren baizik.

Gloria (Anne Hathaway) protagonistak arazo ugari dituela erakutsiko digu zintak, gutako askok bezalaxe. Nork bere bizitzan dituen arazoak ezagutzea eta haien inguruan hausnartzea ez da lan samurra, ezta erraza ere. Kanpotik errazagoa da beti egoera aztertzea, besaulkitik batez ere, ikusle papera erosoagoa delako beti.

Vigalondok generoen arteko cocktail berezia zerbitzatuko digu, eta komedia melodramatiko bat proposatu, japoniar zineman aski ezaguna den kaiju (munstro erraldoien genero ezaguna) gehituta, Godzilla kasu.

Tximeleta efektuak nola, hala egingo dute film honetako pertsonaiek, eta munduko beste muturrean azalaratuko dira bakoitzaren barne munstroak, protagonistek bizi dituzten egoerak borroka epiko batean hezurmamiturik.

Maila teknikoan, efektu bereziak primerakoak dira, eta bi mundu kontrajarri eta guztiz desberdin batzeko egin duen teknologiaren erabilera eta txertaketa oso modu interesgarrian pantailaratu du Vigalondok.

Munstroak gara denok, edo agian, ez guztiok. Agian munstro mota desberdinak daude: inori kalterik egiten ez diotenak, eta kaltegarriak direnak; beren buruari soilik kalte egiten diotenak; edo asmo txarrik ez dutenak eta asmo txarrez jokatzen dutenak. Argi dago, denok dugula munstro bat gugan, batzuetan lo dagoen munstroa. Alkoholak esna dezake, jeloskortasunak, inbidiak, beldurrak, bakoitzak bere munstroa elikatzeko modua dauka.

Batzuk munstro horri arreta jartzen diogu, jakinaren gainean gaude, eta elkarrizketa luzeak izaten ditugu berarekin, eztandak ahalik eta baketsuenak izan daitezen. Beste batzuetan ezinezkoa da, munstroa gormandiza delako, ete bere goseak irabazten gaitu. Hori da munstroaren jokoa, eta munstroa zenbat eta gehiago elikatu, orduan eta handiagoa egingo da, gure kontrolpetik irten arte.

Vigalondok munstroen erabilera interesgarria egin du. Munstro antiheroi maitagarriak gure barne lotsen eta alde itsusienen ispilu izango dira, eta gure barne hondamendia, tximeleta efektuaren pare, munduko beste muturrean azalaratuko da, sinple bezain baliagarria den metaforaz baliatuz.

Gloria onik egiten ez dioten harremanetara kateatuta dago, Leviatana bezala, antzinako izaki beldurgarria. Kateatua dagoen piztiari aginduak ematea erraza da, izutua dagoen bitartean kontrolatzeak ez dauka meriturik, baina Gloria kateetatik askatuko da azkenean, eta horren txiki irudikatzen zuten horiek izutuko dira orduan.

Eskerrak, baina, protagonistak horrenbeste beldur ematen zion munstroari bide emango dion, munstroak esan bezala, ez dutelako zertan beti maltzurrak izan.

Beharbada, gure mamurik okerrenak ez direlako munstroak, ispiluan begiratu nahi ez ditugun lotsak baizik.
Bakardadea beldurgarria delako oso, eta konpainia tentagarria, baina esan bezala, eta topikoak topiko, geure burua behar bezala maitatzeko gai ez bagara, lanak izango ditugu ganoraz geu maitatuko gaituen norbait topatzen.