2017-2018 ikasturtea eskolaren oinarri sendoen nolakotasuna aurkezteko eta ikasleei matrikula egiteko tartea emateko baliatuko ditu Gipuzkoako Foru Aldundiaren Elias Querejeta Zine-Eskolak. Halaxe azaldu dute gaur Denis Itxaso Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatuak, Carlos Muguiro Zine-Eskolako zuzendariak, eta Tabakalerako (Ane Rodriguez), Donostia Zinemaldiko (Jose Luis Rebordinos) eta Euskadiko Filmategiko (Joxean Fernandez) zuzendariek egin duten agerraldian.
Ikerketa eta zabalkudea helburu dituzten hainbat jarduerekin abiatuko dute lehen aurkezpen ikasturtea Tabakalerako Zine-Eskolan, eta datorren irailetik aurrera hasiko dira posgraduekin. Urriaren 21a Etxeko Zinemaren Nazioarteko eguna eta hilaren 27a Ikus-entzunezko Ondarearen Nazioarteko Eguna direla baliatuz, beraz, herritarrek etxean dituzten ikus-entzunezko materialak eta bideo amateurrak bilduko dituzte astebetez Zine-Eskolan, eta Euskadiko Filmategiaren laguntzarekin, materialok aztertu eta berrituko dituzte, astean horretan egingo dituzten emanaldietan eskaintzeko, zuzeneko musikaz lagunduta. Horrez gain, mintzaldiak eta bestelako jarduerak ere antolatuko dituzte aste horretan.
Ikasturtean zehar, halaber, zimenaren historiako ofizio arraroen inguruko saioak egingo dituzte hilean behin. Adibide gisa, 10eko eta 20ko hamarkadetako zuri-beltzezko zinema mutuan aritzen ziren makillatzaileen inguruan hitz egingo dute, edota 30eko hamarkadako Japoniako zinema mutuan oso preziatuak ziren benshiei buruz.
Hilabeteek aurrera egin ahala, gainera, jarduera gehiago antolatuko dituztela jakinarazi du Muguirok. Hala ere, pozik daude graduonden hasiera urtebete atzeratzeko hartutako erabakiarekin: “Badakigu ikasleek matrikulazioak lehenago egiten dituztela, eta irailean abiatzeko ez zegoen denborarik. Gainera, pixkanaka lanean hasteko eta gure oinarrien berri ematen joateko balioko du lehen ikasturteak”, azaldu du Itxasok.
Posgraduak abiatzeko
Datorren urteko udaberrian, beraz, zabalduko dute 2018-2019 ikasturteko izen-ematea, eta matrikulak 3.500 euro balioko ditu. Ikasleen perfilei dagokienez, bakoitzak egin nahi duen espezializazio horrekin lotutako unibertsitate titulua izan beharko du (bistakoenak: Giza Zientziak, Komunikazioa eta Arte Ederrak, baina baita Kimika edo Dokumentazioa, Artxiboko espezializazioa egin nahi duten lagunen kasuan). Zine-eskoletako graduatuak ere aurkez daitezke. Salbuespen modura, dena den, aurreko baldintzak bete ez arren, graduondokoa jarraitu ahal izateko egiaztatutako esperientzia eta prestakuntza maila duten pertsonak ere aurkeztu ahal izango dira.
Aukeraketa prozesua igarotzen duten lagunek (45 inguru), beraz, 2018ko 66. Donostia Zinemaldian abiatuko dute ikasturtea, eta 2019ko Zinemaldian amaituko dituzte eskolak. Baina abendura arte lanean jarraitu beharko dute, lanak amaitu eta jendaurrean aurkezteko. Arestian aipatu moduan, Artxiboa, Komisariotza ala Sorkuntza adarretako bat aukeratu beharko dute, eta Muguirok gaur bertan jakinarazi ditu sail bakoitzeko arduradunak:
- Artxiboa saila: Clara Sánchez-Dehesa ikus-entzunezko materialen artapenean eta lehengoratzean aditua eta Etxeko Zinemaren Sarea elkarteko zuzendaria.
- Komisariotza saila: María Palacios Londres, New York, Brusela, Paris eta beste hainbat zentrotako komisarioa eta irakaslea.
- Sorkuntza saila: Laida Lertxundi artista, zinegilea eta Pasadenako Art Center College of Design eskolako irakaslea.
Dagoeneko sarean kontsulta daitezke ikasketa-plana eta egutegia. Era berean, Zine-Eskolaren abantaila nagusietako bat oinarrian dituen hiru entitaten babesa da (Euskadiko Filmategia, Donostia Zinemaldia eta Tabalera), eta horien araberako ikasketa-adarrak eskaintzeaz gain, urte osoan zehar praktikak egiteko aukera ere eskainiko baitiete ikasleei.
Ikerketan sakontzeko
Orain gutxi, Andréi Tarkovski zinegileak Moskuko Unibertsitatean eman zituen eskolen 90 orduko grabaketak topatu dituzte haren lankide minenetako baten artxiboan. Hala, Elias Quereteja Zine-Eskola Tarkovski Insitutuarekin harremanetan jarri da, eta ikerketa, berriztapena eta zabalkudea helburu izango dituen proiektu batean elkarlanean ariko dira. Estatuko instituzio bakarra izango da, eta eskolako bi ikaslek material horien zaharberritzean Moskun lan egiteko aukera izango dute datorren ikasturtean.
Era berean, zinemaren inguruko doktoretza-aurreko eta doktoretza-osteko ikerketak burutzen ari diren bi laguni 3.000 euroko diru-laguntza bana emango diote, haien ikerketarekin lotutako lanak, egonaldiak eta bestelako jarduerak egin ahal izan ditzaten. Estetikarekin, historiarekin eta pentsamendu zinematografikoarekin lotutako lanak izan beharko dira, eta urtebeteko epean, lana bukatzen dutenean, Zine-Eskolan aurkeztu beharko dituzte ondorioak.
Zine-Eskolaren inguruko informazio gehiago eskuratzeko, sartu webgunean.