Uztailaren 14an Frantziako Egun Nazionala ospatzen dutelako, BilbaoArte Fundazioak eta Bilboko Insititutu Frantsesak bertako zinemagintzari buruzko zikloa antolatzea erabaki dute. Bada, My French Film Festival zikloa uztailaren 10etik 14ra luzatuko da, eta besteak beste, Sébastien Marnierren Irréprochable (2016) lan-munduari buruzko drama eskainiko dute.
Atzo, uztailak 10, abiatu zituzten emanaldiak Emmanuel Finkiel zinegilearen Je ne suis pas un salaud lanarekin. Gaur, hilak 11, ordea, bost film labur emango dituzte 19:00etatik aurrera: Kamir Boukercharen Violence en réunion, Clémence Demenseren Le chair et les volcans, Pierre-Emmanuel Urcunen Le dernier des céfrans, Benoît Martinen La convention de Genève, eta Maïmouna Doucouréren Maman(s).
Asteazkenean, halaber, hiru film labur izango dira ikusgai 19:00etatik aurrera: Aurélien Peyreren La bande à Juliette, Julie Gourdainen Un grand silence, eta Anthony Doncqueren 1992. Eta ostegunean Sébastien Marnierren Irréprochable film luzea.
Zikloaren azken egunean Frantziako Egun Nazionalean, azkenik, beste bost labur proiektatuko dituzte 19:00etan hasita: François Reichenbachen À la mémoire du rock, Maurice Pialaten L’Amour existe, Jean-Pierre Jeuneten Foutaises, Laurent Canteten Tous à la manif, eta Jean-Luc Godarden Tous les garçons s’appellent Patrick.
Saioak doakoak izango dira lekuak bete arte, eta filmak jatorrizko bertsioan eskainiko dituzte, gaztelaniazko azpititutuluekin.